Ezin izan du Zumaiak Herriarteko zesta punta txapelketa irabazi

Juan Luis Romatet 2024ko eka. 22a, 13:00

Zumaiako pilotariak atzo Mutrikuko pilotalekuan. (Zumaiako Kirol Elkartea)

[EGUNERATUTA] Gipuzkoako Herriarteko txapelketako zesta punta modalitateko finalak jokatu zituzten atzo Mutrikun. Etxeko pilotariak eta Zumaiakoak neurtu ziren, eta mutrikuarrek jantzi zituzten irabazleen txapelak.

Herriarteko txapelketako ligaxkan lehen eta bigarren sailkatu ziren Mutriku eta Zumaia neurtu ziren atzo arratsaldez Mutrikuko Miruaitz frontoian jokatutako finaletan. Kadete, jubenil eta senior mailatan jokatu zituzten neurketak, eta bitan izan ziren nagusi mutrikuarrak, batean zumaiarrak.

Arratseko lehen partidan, kadete mailakoan, Mikel Silveti eta Igor Enbil aritu ziren zumaiarren aldetik Mutrikuko Alain eta Izeiren aurka. Azken hauek 30-15 emaitzarekin irabazi zuten.

Jubeniletan, Marlon eta Frida Watkins anai-arrebek Mutrikuko Ekhi eta Txaparroren aurka jokatu zuten; 30-6 emaitzarekin irabazi zuten mutrikuarrek.

Amaitzeko, senior mailan, Cosme Agirrek eta Unai Urangak Zuhaitz eta Andonegi izan zituzten aurkari. Azken honetan zumaiarrek 30-21 emaitzarekin irabazi zuten.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide