Zumaia lehena eta bigarrena izan da gaur Pasaiako estropadetan

Juan Luis Romatet 2024ko eka. 23a, 16:00

Emakumeek bigarren bandera irabazi dute; gizonak, berriz, bigarren izan dira KAE-1 ligako lehen hitzorduan.

Hasiera bikaina eman diote denboraldiari Zumaiako traineruek. Emakumeek asteburuan irabazitako bigarren bandera astindu dute; gizonek, berriz, hasiera aparta eman diote KAE-1 ligari.

Pasaian jokatu dira gaur goizean ETE ligako eta KAE-1 ligako estropadak. Emakumeen kasuan, XI. Pasaiako Ikurrina jokatu dute eta bezperan Astilleron (Kantabria, Espainia) bezala, Zumaiako Telmo Deun izan da azkarrena, 11:46.39 denborarekin. Atzo gertatu zen moduan, Zumaiak eta bigarren egin duen Astillerok lehia estua eskaini dute. Helmuga puntuan gorriek urdinei atera dieten aldea 69 ehunekoa izanda. Hala, asteburuko bigarren bandera lortu du Telmo Deunek.

ETE ligako sailkapenean, bi jardunaldi jokatuta, Zumaia da buruan 16 punturekin; Astillero da bigarren, 14 punturekin, Kaiku hirugarren 12rekin eta Zarautz laugarren, 10ekin.

Datorren larunbatean jokatuko dute ligako hirugarren jardunaldia: 12:00etan hasita, Donibane Lohitzune Ziburuko VII. Ikurrina izango da jokoan.

Gizonak ere bikain

Emakumeen estropada amaituta, gizonen III. CMO Valves bandera jokatu dute, KAE-1 ligari estreinaldia eman dion estropada. Zumaiak bigarren postu bikain bat lortu du Pasaiako uretan. Etxeko taldeak, San Juanek irabazi du etxeko bandera, eta haien atzetik sailkatu da Zumaia. Lapurdi izan da hirugarren.

Emaitza honi esker, ligako lehen 11 puntuak eskuratu ditu Zumaiako Telmo Deunek. Datorren hitzordua Donibane Lohitzunen izango dute gizonek ere.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide