Suaren lilurak dantzan jarri du Zumaia

Juan Luis Romatet 2024ko eka. 24a, 08:44

San Juan suak piztu zituzten bart gauean herriko herriko bi gunetan: Sanjuaniturrian lehenbizi eta Gernika parkean ondoren. Suaren bueltan dantzatzeko aukera izan zen bietan ere.

Eta behar zuen momentuan botatzeari utzi zion. Egun osoan zehar euria egin zuen atzo, baina 21:30era atertu zuen. Hala, sua pizteko aukera izan zuten Sanjuaniturrian. Hasieran, inor gutxi zegoen Zumaiako alde zaharreko plazatxo honetan, baina suak pizten duen lilurak erakarrita, herritar ugarik utzi zuen etxeko goxotasuna eta hurreratu zen herriaren historian errotuta dagoen ekitaldia jarraitzera.

Ohi bezala, Zumaiako Musika eta Dantza Eskolako euskal dantzetako ikasleak aritu ziren suaren bueltan dantzan. Behin suak sortu ditzakeen kezkak eta beldurrak uxatuta, Txistulari Bandako kideen doinuek lagunduta, gira eta buelta aritu ziren suaren alboan. Amaieran, gazteak suaren gainetik saltoka ibili ziren.

Gernika parkean ere piztu zuten su handia. Azken urteotan egin bezala, Ekhi gaua egin zuten, eta txalapartaren eta Zumaiako Adarjoleek ateratako orroen laguntzarekin, gizateriaren hastapanetara eramaten zuten dantzak eraman zituzten Astinduko dantzariek parkera. Plaza dantzetako eta sabela betetzeko aukera ere izan zen gauerdi partean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide