Teknologia egoki erabiltzea bultzatu nahi duten guraso talde batzuek osatzen dute Altxa Burua sarea, «nagusiki amek», eta argi dituzte helburuak: nerabeei beranduago ematea Internet duten gailuak, sakelako telefonoak kasurako; eskolak sakelakorik gabeko «arnasgune» bihurtzea; helduak eredu izatea teknologiaren erabilera egokian; eta heziketa bat eman eta kontzientzia zabaltzea.
Altxa Burua sareko kide dira, hain zuzen, Telmo Lazkano, Miren Ros eta Mikel Cerezo. Eskuko telefonoaren erabilerarekin arduratuta hasi ziren elkartzen, eta sarea zabaltzen ari dela adierazi dute; kezka orokortua den seinale. Horren adierazle, duela gutxi Usurbilen (Gipuzkoa) egindako topaketak. Lazkanoren arabera, inoiz baino jende gehiago bildu zen: «Elkar indartzeko oso aberatsa izan zen».
Besteak beste, sakelako telefonoa izateko gutxieneko adina 16 urtekoa izatea nahi dute, «OMEk [Osasunaren Mundu Erakundea] eta aditu taldeek eskatzen duten moduan». Hala ere, argi dute horrek berez ez duela ekarriko teknologiekin harreman osasuntsu bat izatea. Horregatik, ezinbestekotzat jo dute heziketa; baita kontzientziazio kanpaina indartsu bat egitea ere.
Hemen irakurri daiteke Berria egunkariak plazaratutako erreportajea.