Zenbait ohar, sanpedroen harira

Maria Maya Manterola 2024ko eka. 27a, 14:00

Su artifizialen emanaldi bateko irudia.

Udalak jakinarazi du zenbait neurri errespetatu beharko direla etzi, larunbata, izango den su artifizialen ikuskizunaren unean. Gainera, ohartarazi du aparkaleku batzuk kendu egingo dituztela egunotan, kontzertuak eta estropadak direla medio.

Hastear dira San Pedro jaiak. Datozen egunotan festekin lotutako zenbait ekitaldi izango dira herrian, eta horiek behar bezala gauzatu nahiz herritarren segurtasuna bermatzeko, hainbat jakinarazpen egin nahi izan ditu udalak.

Batetik, larunbat gaueko su artifizialen ikuskizunari dagokionez ondorengo gomendioak eman dizkiete herritarrei:

1.- N-634 errepidea itxita egongo da egun horretan, 22:55etik 23:15era arte.

2.- Zubiaundia itxita egongo da 19:00etatik 00:00etara. Ixte honek eragina du oinezkoen bidean, Kirol portura edo Santiago hondartzara joateko aukera bakarra Zubiberriaren espaloi estua baita.

3.- Seinaleak eta jarraibideak errespetatu behar dira eta segurtasuneko langileek agindutakoa bete. Ezin da hurbildu suak botatzen ari diren gunera.

4.- Ikuskizuna 23:00etan hasiko da, lekua 30 minutu lehenago hartzea gomendatzen du udalak.

5.- Adi ibili.

  • Su artifizialak arriskutsuak izan daitezke eta erredurak sor ditzakete (anbulantzia bertan egongo da herritarren batek arreta behar badu).
  • Suak botatzerakoan ohikoa da errautsak erortzea. Beraz, begietan sartuz gero, urarekin garbitu eta ez igurtzi.
  • Su artifizialak ikusteko eremua portu ingurua izanik, uretara erortzeko arriskua dago. Ez hurbildu gehiegi ertzera.

6.- Txalupak debekatuta egongo dira. Suek dirauten bitartean, ezingo da txalupa, piragua edo bestelakorik ibili itsasadarrean, eta ontzi guztiak eremu horretatik kendu egin beharko dira.

7.- Ez ukitu su artifizialen arrastoak. Ezohikoa izan arren, su artifizialen osagarriren bat lehertu gabe lurrera eroriz gero, ez ukitu, eta ez eman ostikadarik. Abisatu lehenbailehen udaltzainei edo suhiltzaileei.

Horrez gain, azaldu dute 19:30etik itxiko dutela Zubiaundia, eta horrek eragina izango duela oinezkoen bidean, kirol portura edo Santiago hondartzara joateko. Gauerdian zabalduko dute berriz.

Aparkalekuak eta bestelakoak

Su artifizialen ikuskizunarekin lotutako ohar zerrendaz gain, beste zenbait jakinarazpen egin nahi izan dituzte. Batetik, moilako Sukenaren eta Gozategiren kontzertuak direla medio, gune horretako aparkaleku batzuk ez dira erabilgarri egongo asteburuan zehar. Larunbat gauean, gainera, jendetza biltzea aurreikusten dute Arranpla inguruan eta moilan, eta beraz, autoak ez erabiltzeko eskaera egin die udalak herritarrei. 

Gune Morea egotea aurreikusten bazen ere, azken orduko aldaketak direla eta, ezin izango dute ezarri. Dena den, eraso matxisten aurkako jarrera hartzeko deia egin du udalak. Eta, azkenik, jakinarazi du udaltzaingoa gauez ere lanean izango dela ostiralean eta larunbatean.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide