Gaurtik hasita, martxan egongo dira igogailu publiko ia guztiak gauez ere. Udalak jakinarazi duenez, bizilagunen eskaerei erantzunez hartu dute erabakia, eta hala, "herritar guztien irisgarritasuna ordu mugarik gabe bermatu" nahi dute.
Azaldu dutenez, uda sasoian atzeratu egin ohi da etxeratzeko ordua, eta behar horri erantzun nahi diote. Herritar guztiek aisialdiaz mugarik gabe gozatzeko aukera izan behar dutela uste du Udal Gobernuak, eta horregatik, joan-etorriak erosoak izan daitezen sustatu nahi dute.
Horrenbestez, zabalik izango dira gauez ere San Telmo kaleko, Ardantzabideko, San Joseko eta Jadarreko igogailuak. Mari kalekoa itxi egingo dute, Kultur Etxearen barruan egoteak zailtasunak dakartzalako. Dena den, azaldu dute Ardantzabidekoa erabili dezaketela Alde Zaharreko bizilagunek Mari kalekoa beharrean.