Atzo aurkeztu zuten 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan. Asier Azpiroz Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak eta Goizane Alvarez Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatuak azaldu dituzte txapelketaren nondik norakoak. Aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa arrazoi askorengatik "berezia" dela esan dute aurkezpenean; besteak beste, ohiko lau urteko zikloari urtebeteko itxaronaldia gehitu behar izan diotelako, pandemia tarteko. 2019an jokatu zen azkenengo Gipuzkoako txapelketa. Pandemiak bestelako ondorio batzuk ere ekarri dizkio bertsolaritzari, bertsozale elkartekoen arabera: "Bertso saio kopurua ikaragarri jaitsi zen 2020ko martxotik aurrera, eta bertsozale elkartea egoera horri buelta emateko lanean ari da: ezohiko saioak antolatuz, laguntza eskainiz saioak antolatu nahi dituztenei edota bertsolariei beraiei". Egoera berezi horretaz aparte, lehen haurren bertso eskolaren 50. urtemuga izango dute gogoan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan 48 bertsolari ariko dira kantuan; horietatik 34k udaberrian jokatutako Gipuzkoako Bertsotan sailkapen fasean eskuratu zuten txapelketarako txartela, eta gainontzeko hamalau bertsolariek duela bost urteko txapelketan eskuratu zuten aurtengoa jokatzeko aukera. Urola Kosta eskualdeko hamar bertsolarik parte hartuko dute irailean hasiko den lehian: Libe Goenaga getariarra eta Iñigo Mantzizidor Mantxi zarauztarra orain dela bost urteko txapelketan sailkatu ziren. Beste zortziak, berriz, udaberriko sailkapen fasean lortu zuten txartela. Honakoak dira horiek: Eneritz Artetxe eta Unai Izagirre azkoitiarrak, Jon Gurrutxaga eta Oier Etxeberria azpeitiarrak, Aner Peritz Euzkitze, Julen Zulaika eta Oier Aizpurua zarauztarrak eta Aitor Salegi zestoarra.
48 bertsolariez gainera, hamasei gai-jartzaile, hamabost epaile eta laguntzaile ugari ariko dira txapelketan lanean. Gai jartzen jardungo dutenen artean daude Iban Narbaiza zumaiarra, Haritz Alberdi azkoitiarra, Uxune Areizaga getariarra eta Jon Zaldua Zarauzko bizilaguna. Epaile jardungo dutenetan, berriz, Oihana Aranguren azpeitiarra eta Unai Muniain zarauztarra ariko dira.
Hamasei saio
Irailaren 14an Urretxun hasiko dira final-zortzirenak, eta Donostiako finalera bitartean hamasei saio izango dira, hiru faseren eta finalaren artean. Zazpi final-zortziren jokatuko dira: irailaren 14an, Urretxun; irailaren 15ean, Lasarte-Orian; irailaren 21ean, Lazkaon; irailaren 22an Elgoibarren; irailaren 28an, Hondarribian; irailaren 29an, Andoainen; eta urriaren 5ean, Azpeitian. Final-laurdenetako saioak honako bostak izango dira: urriaren 19an, Eibarren; urriaren 20an, Errenterian; urriaren 26an, Azkoitian; urriaren 27an, Irunen; eta azaroaren 3an, Tolosan. Finalaurrekoak hiru jokatuko dira: azaroaren 17an, Oiartzunen; azaroaren 24an, Zarautzen; eta abenduaren 1ean, Arrasaten. Finala Donostiako Illunben jokatuko dute abenduaren 15ean. Zortzi bertsolari ariko dira finaleko saioan, hiru finalaurrekoetako irabazleak eta bost finalaurrekoetatik puntuazioz sailkatutakoak.
Saio guztietarako sarrerak dagoeneko salgai jarri dituzte Bertsosarrerak.eus webgunean. Ohi bezala, Bertsozale Elkarteko bazkideek eta gazteek prezio berezia izango dute sarreretan.