ETE eta KAE-1 ligetako estropadak izango dira bihar Zumaian

Juan Luis Romatet 2024ko ekainaren 29a

Zumaia-Delteco, pasa den igandean Pasaian bandera astintzen. (Oarsoaldeko Hitza)

Pasa den asteburuan lortutako emaitza onak berretsi nahiko ditu Zumaia-Deltecok herrian.

ETE eta KAE-1 ligetako ontziek bi hitzordu izango dituzte asteburu honetan: Donibane Lohizunen gaur eta Zumaian bihar. Biak ala biak ligetarako puntuagarriak izango dira.

Gaur Donibane Lohizune Ziburuko banderak izango dira jokoan: emakumeen zazpigarren edizioa izango da; gizonena, berriz, 33.a. ETE ligako traineruek eguerdiko 12:00etan hasiko dituzte txandak; KAE-1 ligakoek, aldiz, arratsaldez, 17:30ean. Estropada eremuaren berezitasunak direla medio, emakumeek hiru luze egingo dituzte, bi ziabogarekin, eta gizonek sei, bost ziabogarekin.

Bihar, berriz, Zumaiako banderak jokatuko dituzte, eguerdi partean, itsasoan. Emakumeen banderaren zazpigarren edizioa da bihar jokatuko dena; gizonena, aldiz, 39.a. ETE ligako estropada goizeko 11:00etan hasiko da; KAE-1 ligakoa, berriz, ordubete beranduago, eguerdiko 12:00etan.

Bietan ere, Zumaia-Deltecoren ontzien aurreko asteburuan lortutako emaitza onak berretsi nahiko dituzte herritarren aurrean. Gogoratu, emakumeek jokoan zeuden bi banderak irabazi zituztela, Astilleron larunbatean eta Pasai Donibanen igandean; gizonek, berriz, bigarren postu bikain batekin hasi zuten liga, Pasaian.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide