Joan den astean onartu zuen Hezkuntza Sailak udalari dirulaguntza ematea Herri Eskolako Aita Mari eraikina berritzeko. Hala jakinarazi berri du udalak, eta guztira, 360.000 euroko laguntza izango dute Lehen Hezkuntzako solairua berritzeko.
Guztira, 591.260 euroko inbertsioa egin du udalak obra horretarako, eta lortutako laguntzari esker, ahalegin ekonomikoa nabarmen jaitsiko dela uste dute.
Ikasgelen antolaketari dagokionean, 4-4 ikasgela-antolaketa mantenduko dira, eraikinaren hegoaldean 3-4 urte bitarteko umeentzako lau ikasgelarekin eta iparraldean 4-5 urte bitarteko umeentzako beste lau gelarekin. Klase bakoitzak "ikuspegi zehatza" izango du, "esplorazioa eta ikaskuntza aktiboa sustatuz": matematika eta zenbakiak, zientziak eta natura, espazio artistikoa eta hizkuntzak.
Energia-isolamenduan eta energia-eraginkortasunean ere zenbait aldaketa izango dira obrarekin. Isolamendu termiko eta akustikoa hobetu nahi dute, eta baita instalazio elektrikoa aldatu ere, kontsumoa murrizteko.
Haurreskola, sukaldea eta jantokia
Haurreskola berria kokatu eta sukalde eta jantoki berriak egiteko hitzarmena sinatu zuten 2021 amaieran udalak eta Hezkuntza Sailak. Udalak jakinarazi du hitzarmenaren zirriborroa prest dagoela, eta aste honetan bidaliko duela Eusko Jaurlaritzara.
Bide batez, orain arte egindako hobekuntzak gogorarazi nahi izan ditu Udal Gobernuak, besteak beste, Aita Mari eraikineko jolastoki berriak, Sagarbideko erabilera anitzeko aterpea eta DBHko eraikin berriaren lanak.