Herriko LGTBI+ pertsonen bizi baldintzak hobetzeko konpromisoa hartu du Zumaiako Udalak

Juan Luis Romatet 2024ko eka. 28a, 11:30

LGTBI+ harrotasun eguna da gaur, eta horren harira, herrian ordezkatuta dauden hiru alderdiek osoko bilkurara eramandako mozioa onartu zuten atzo. 

Ekaineko ohiko udalbatzarra egin zuten atzo arratsaldez udaletxean. Aurkeztutako gai eta proposamenen artean, gaur gogoratzen den LGTBI+ harrotasun egunaren harira aurkeztutako mozioa irakurri zuten. Zumaiako Udalean ordezkatuta dauden hiru alderdiek, EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk, eraman zuten idatzi hau bilkurara.

Onartutako mozioaren arabera, "inoiz baino garrantzitsuagoa da nondik gatozen gogora ekartzea, ospatzea eta aldarrikatzea. Stonewalletik Euskal Herrira, milaka bizipen, galera, aldarrikapen eta lorpen izan ditugu, baina oraindik egiteko asko dugu". Horren aurrean, "instituzioetatik politika publiko integral eta sendoak, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak ezartzeko bideak… ezartzea ezinbestekoa" dela uste dute alderdiek.

Konpromisoa hartzen dute, baita ere, konpromisoa hartzen dute "gure herriko LGTBI+ pertsonen bizi baldintzak hobetzeko neurri eta politika zehatzak aplikatzekoa, horretarako jada landuta dagoen Zumaiako LGTBI+ ekintza-planaren baitan. Lanketa hau, besteak beste, herriko LGTBI+ kolektiboko kideen parte hartzearekin egin zen eta honen bidez, herriko erreferente eta norbanako ezberdinak aktibatzeko moduak ere sustatu nahi ditugu".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide