Hasi dira sanpedroak

Mireia Galarza Bastida 2024ko eka. 29a, 09:30

Herriko hainbat eragilek hartu zuten suziriak botatzeko ardura, azken urteetan bezala, eta aurten, hain zuzen ere, kirol nahiz kultura munduko herriko ordezkarien txanda izan da.

Adin guztietako dozenaka herritarren begiradapean, atzo arratsaldean bota zuten udaletxe aurrean sanpedroei hasiera emateko suziria. Herriko hainbat eragilek hartu zuten horretarako ardura, azken urteetan bezala, eta aurten, hain zuzen ere, kirol nahiz kultura munduko herriko ordezkarien txanda izan da. Aitor Manterola Kirol zinegotziak azaldu zuenez, helburua izan da herriko kirol eragileek urte osoan egiten duten lana "eskertu eta aitortzea". "Emaitza zehatzen gainetik, zuek denok zarete irabazleak", gehitu zuen. 

Kulturari ere egin zion erreferentzia zinegotziak. Bere esanetan, kultura munduan ere badaude erreferenteak herrian, eta hori dela eta, "kulturatik eta kiroletik, kulturara eta kirolera" egin nahi izan zuten atzoko festen hasiera. Eta zera gehitu zuen: "Azken finean, herria osatzen dugun guztiok 'gu' bat gara, arlo guztien arteko sarea da Zumaia, eta batzuetan sare horrek ikusezina ematen badu ere, beti dago gure artean". 

Festei hasiera emanda, Erraldoi eta Buruhandien kalejira izan zen Tolosako Dultzaineroek lagunduta. Jarraian, Joselontxos txarangak kaleak alaitu zituen. Gaur eta bihar jarraitu egingo du festak, hona hemen egitaraua:

Ekainak 29, larunbata: San Pedro eguna

  • 09:00etan, Tolosako dultzaineroekin goiz soinua.
  • 11:00etan, Prozesioa eta ondoren meza nagusia San Pedro abesbatzak abestua.
  • 11:00-13:00, Torreberrin haurrentzat jolasak eta tailerrak.
  • 11:30etan, Tolosako dultzaineroak kalejiran.
  • 12:30ean, Eusebio Gurrutxaga plazan hasita Jainekin txarangaren kalejira.
  • 13:00etan, Eusebio Gurrutxaga plazan ZUMB Musika Bandaren kontzertua.
  • 18:00etan, Amaia plazan haur antzerkia Eidaberen Gora Bihotzak.
  • 18:30ean, Eusebio Gurrutxaga plazan herri kirolak.
  • 18:30ean, Erriberan hasita Jainekin txarangaren kalejira.
  • 19:00etan, Tolosako dultzaineroak kalejiran.
  • 20:00etan, Eusebio Gurrutxaga plazan Zumaiako Musika Bandarekin dantzaldia.
  • 21:30ean, Moilan kontzertua: Sukena.
  • 23:00etan, Su artifizialak Vulcano piroteknia etxearen eskutik.
  • Jarraian, Moilan kontzertua: Gozategi.

Ekainak 30, igandea

  • 11:00-14:00 + 17:00-20:00, Eusebio Gurrutxaga plazan Artisau azoka.
  • 11:30ean, Zumaiako VII. Ikurrina ETE estropada eta Zumaiako XXXIX. Ikurrina KAE1 estropada.
  • 12:30ean, Amaia plazan hasita Buztintxuriko erraldoien kalejira.
  • 17:00etan, Torreberrin hondarrezko eskultura tailerra.
  • 19:00etan, Aitzuri pilotalekuan Erremontari Herriz Herri erremonte jaialdia.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide