Ostiralean jokatu zituzten Odietan Herri Mailako Esku Pilota Txapelketako finalak, eta Jon Alkortari eta Aitzol Olideni - Unai Beristainen ordez jokatu zuen- 22-17 irabazita, Aitor Aizpuruak eta Iosu Salegik jantzi zuten txapela.
Hirugarren eta laugarren postuak ere erabaki zituzten bertan. Hain zuzen, podiumeko azken postua lortu zuten Oihan Etxabek eta Urtzi Iribarrek Unai Etxaberi eta Peio Etxaberi 22-14 irabazita.
Zestako finalak ere, jokatuta
Egun berean, baina Aitzuri pilotalekuan jokatu zituzten San Pedro Zesta Punta Txapelketako finalak, hiru mailatakoak: alebinak, infantilak eta kadeteak.
Alebin mailakoei dagokionez, Noaingo Ion Palaciosek eta Eneko Baigorrik irabazi zioten 25-18 Zumaiako Haitz Leon eta Unai Vergarari. Infantiletan, aldiz, Zumaiako Eñaut Goni eta Igor Enbil nagusitu ziren 30-17 Noaingo Alain Leon eta Manu Cuadradoren kontra. Azkenik, kadeteetan, Noain herria izan zen hobea, baina oso tarte txikiarekin, tanto baten aldearekin irabazi baitzuten Iker Palacios eta Xabier Alzatek Marlon Watkins eta Mikel Silveti zumaiarren aurka.
