Telmo Deun taldeko neskek ez dute parekorik. Horrela erakutsi dute beste behin ere etxean jokatutako Zumaiako VII. Ikurriña proban. Aurreko astean hasi zuten ETE liga, eta lau probetatik lauak irabazi dituzte. Gaurkoan, 11 minutu eta 27 segundu pasatxoan burutu dute lehia (11:27,92), eta bigarren sailkatu den Astillerori zortzi segundu inguruko tartea atera dio etxeko traineruak (11:35,90). Hirugarren sailkatu da Zarautz, Astillero baino ia bi segundu geroago helmugaratuta (11:37,49).
Hasieratik nagusitu dira Zumaiako neskak, eta ziaboga hartzen ere azkarrenak izan dira. Horrela jarraitu dute amaierara arte, eta horrenbestez, estropada irabazi dute etxeko uretan. Gauzak horrela, sailkapen orokorrean ere lehenengo postuan jarraitzen dute, 32 punturekin. Atzetik daude Astillero, 28 punturekin, eta Kaiku, 22rekin.
Mutilak, laugarren
Mutilen taldeari dagokionez, estropada binakako erlojupekoen jokatu dute, seiko bi txandatan banatuta. Hain zuzen, bigarren txandan aritu da Zumaia, Pedreñaren aurka, eta saiatu bada ere, ez du irabaztea lortu. 21:27,39ko denbora erdietsi du, eta estropadako sailkapenean laugarren kokatu da. Sailkapen orokorrean, berriz, bosgarren postuan jarraitzen du etxeko mutilen traineruak, eta 24 puntu ditu orain.