San Telmo ermita ezagutzeko bisita gidatuak eskainiko dituzte gaurtik

Maria Maya Manterola 2024ko uzt. 1a, 09:00

Turistak San Telmo ermitan, artxiboko irudian. (Juan Luis Romatet)

San Telmo ermitatik Algorrira bidean hezitzaileak ere izango dira uda sasoian. Bestetik, euskara da Zumaiako ondare garrantzitsuenetarikoa udalaren hitzetan, eta bere balioa emateko, zenbait euskarri prestatu dituzte.

Bisitariei zein herritarrei zuzenduriko zenbait ekimen jarriko ditu udalak martxan datozen egunotan. Gaurtik hasita, uztailak 1, San Telmo ermita egunero egongo da zabalik, eta egunero bisitatu ahal izango da abuztuaren 31ra arte, 11:45etik 13:15era artean. Euskaraz eta gazteleraz emango dituzte azalpenak, eta sarrera lekuan bertan hartu beharko da –1,50 euro balio du bisitari bakoitzeko–.

Ingurumena zaintzeko eta bisitariak hezteko helburuarekin, gainera, hezitzaileak izango dira San Telmotik Algorrirako bidean. Uztailean asteburutan izango dira, eta abuztuan, hilaren 20ra artean egunero egingo dute lan. 

Euskara ondare

Euskara da Zumaiako ondare garrantzitsuenetarikoa, eta udalaren ustez, herria ezagutzeko ezagutu beharrekoa. Nortasunaren, kulturaren eta historiaren adierazgarri da, udalaren hitzetan, eta balio horien berri emateko, hainbat euskarri prestatu ditu udalak beste urte batez. 

Euskal hitzak ezagutzeko hiztegitxoa, Euskararen Enigma bisita gidatua eta Bertatik Bertara kanpaina dira horietako batzuk. Azken kanpaina hori Uemarekin elkarlanean sustatutakoa da, eta bertako produktuen, paisaiaren eta gainerako eskaintza zabalaren artean, udalerri euskaldunen nortasuna egokien euskaraz islatzen dela nabarmentzeko euskarriak sortu dituzte. 

Udalak azaldu du "estrategia orokor baten parte" direla ekimen hauek guztiak, eta turismo jasangarria nahiz tokian errotutakoa sustatzea dutela helburu. Kultura-ondarearen ezagutza eta babesa, ingurune naturalen babesa, eta euskararen erabilera dira sustatu nahi dituzten balioetako batzuk. 

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide