Azken urteetan zuzendaritzaren partetik gurekiko dagoen inplikazioa gutxituz joan dela ikusi dugu, eta azken asteetan gertatutakoa gehiegizkoa dela uste dugu. Horregatik, hau idaztera behartuta ikusi gara.
Pasa berri den maiatzaren 24an TKE ligak 2024 denboraldiko igoerako play offean izena eman duten arraun elkarteen behin betiko zerrenda argitaratu du, eta gure taldea bertan ez ikusteak atsekabe handia sortu digu zuzendaritzaren partetik.
Senior mutilen taldea zuzentzen duten teknikoek aho bakar batez transmititu diote zuzendaritzari taldea igoerako play offean izena emateko interesa. 2023ko denboraldia azken urteetako onena izan dela jakinda eta 2024ko aurre denboraldiko emaitzak ikusita, taldearen izena emateko nahikoa arrazoi badaudela uste dugu.
Ez zaigu bidezkoa iruditzen zuzendaritzak izena ez ematea erabakitzea eta, gainera, inolako azalpenik ez ematea. Hau gutxi ez balitz, zerrenda hau sare sozialen bitartez ezagutzea tamalgarria iruditzen zaigu, agerian utziz zuzendaritzak taldearekiko daukan interes falta.
Kirolari bezala, zortzi hilabeteko prestaketaren helburu nagusia udarako traineru denboraldian ahalik eta kirol arrakasta gehien izatea da, garrantzitsuena igoera lortzea izanik. Liga hasteko hilabete eskas faltan txartel hau kendu digutela jakiteak min ematen digu eta ez da erraza izango aurtengo denboraldiari aurre egitea.
Dena den, taldearen erabakia da zuzendaritzak hartutako erabaki honetaz guztiz bereiztea. Udari begira, gure helburua ahal dugun denboraldi onena egitea da, estropada bakoitzean daukagun aurpegi onena erakusteko borrokatuz.
Eskerrak eman nahi dizkiegu gure traineruaren jarraitzaile guztiei estropadaz estropada beraien partetik jasotzen dugun bultzada eta animoengatik. Zuek gabe ez litzateke berdina izango.