Aurtengoan ere Euskal Herrian izango dira uda igarotzen haur sahararrak Darahli elkartearen bitartez. Izan ere, abian da Oporrak Bakean programa, eta haur sahararrak uda basamortutik eta errefuxiatuen kanpalekuetatik kanpo pasatzeaz gain, familia euskaldunek herri sahararra lagundu eta beste kultura bat ezagutzeko aukera izango dute datozen asteotan.
Aurreko urteetan bezala, Darahliko boluntarioen lanari esker, Larrabetzuko Bakaleku udalekuan izango dira 10 urteko hemezortzi haur saharar bi hilabetez. Darahlik jakinarazi duenez, guztira, 55 bat boluntario izango dira txandaka Larrabetzun, gehienak zumaiarrak.
Eguneroko ekintzak kudeatuko dituzte boluntario horiek –janaria, arropak garbitzea, dutxak...–, kirol eta tailer desberdinak antolatuko dituzte, irteerak egin eta, nola ez, haur guztiak mediku azterketa egitera eramango dituzte. Eta, bestetik, Oporrak Bakean programaren barruan, haur horiek Urola Kostako zortzi harrera familiatara bideratuko dituzte.
Udalekuan izango diren haurrak Zumaian izango dira uztailaren 26an. Udaletxean harrera egingo diete lehendabizi, eta gero, herrian igaroko dute eguna: ur jolasak egingo dituzte arranplan, eta Santio hondartzara joango dira ondoren.