Zuopa Zumaia Osasun Publikoaren Aldeko Plataformaren sorrerak mahai gainean jarri du Osakidetzako eta Zumaiako anbulatorioko errealitatea. Bizitzen ari garen egoerak (aldi baterako ezintasunen, kontziliazioaren, atsedenaldien... ordezkapen faltak) zumaiar guztion kalitateko arreta eta osasun eskubidea kolokan jartzen du, eta hau larria da.
Ez da kasualitatea gaur egun Zumaiako anbulatorioan dagoen panorama. Batzuek errua egoera koiunturalari leporatuko diote, baina LABetik argi dugu arazo estruktural baten aurrean gaudela. Osakidetzako arduradunek, elite ekonomiko eta politikoek aspaldi hartu zuten zerbitzu publikoak ahuldu, pribatizatu eta eskastearen bidea. Izan ere, urteetako murrizketen ondorio da gutxienez sei mediku behar diren anbulatorioan hiru egotea, baita erizain eta administrarien egoera prekarioa ere. Osasun publikoaren desmantelazioaren aurrean aurkitzen gara, unibertsala izan beharko lukeen eskubidea pribatizatzen eta merkantilizatzen ari baitira.
Zumaiar orok dugu lehen mailako eta kalitatezko arreta publiko eta duina jasotzeko eskubidea, eta hori nahitaez osasun sisteman inbertsioak eginez eta plan estrategiko baten bidez etorriko da. Ezinbestekoa da ere osasungintzan lanean dabiltzan profesionalen lan baldintzak hobetzea, besteak beste, gaur egun ezarrita dauden eta langileak itotzen dituzten ratioak hobetuz.
Osakidetzaren gestio kaskarraren eta gardentasun faltaren aurrean, beharrezkoa da langile eta herritarron aktibazioa. Osasuna ez da merkatu-ondasun bat, eskubide unibertsala baizik, eta gizarte osoari eragiten dio osasun sistema publikoaren prekarizazioak. Horregatik jendarte guztiaren ardura da kalitateko osasun publikoaren aldeko aldarria kalera ateratzea eta eraispen prozesua gelditzea.
Mugimendu Feministaren gidaritzapean, aliantza herritar zabal eta askotariko baten bitartez, pasa den urteko azaroakren 30eko Greba Feminista Orokorrean hitzez ez ezik ekintzaz jarri genuen erdigunean Zaintza Sistema Publiko Komunitario baten aldeko aldarria.
Lehen Arretak eta, oro har, osasun sistema esku pribatuetan jartzeko erabakiaren aurka altxatzen ez bagara, jendarte bizigarri, osasuntsu eta justu batek behar duen Zaintza Sistema Publiko Komunitario hori lortzetik gero eta urrutiago egongo gara eta egungo sistema bidegabea eta bideraezina betikotu egingo zaigu.
Horrenbestez, LAB sindikatutik zumaiarrak animatu nahi ditugu Zuopa herri plataformarekin bat egitera eta ostiral honetan eguerdiko 12:00etan anbulatorio aurrean zein udaran zehar etorriko diren osasun sistema publikoaren aldeko mobilizazioetan parte hartzera.