Euskal Jai egunean lan egiteko deia egin die udalak herriko elkarteei

Juan Luis Romatet 2024ko uzt. 3a, 14:00

Sagardo dastaketa, 2022ko Euskal Jai egunean.

Abuztuaren 9an egingo da aurtengo Euskal Jai eguna. Bazkaria zerbitzatzen eta sagardo dastaketan edaria banatzen lan egiteko aukera dagoela iragarri du Udaleko Kultura Sailak.

San Pedro jaiak amaitu berri, abuztuko ekitaldietan mira jarri du Udaleko Kultura Sailak. Hala, Gala gaua, Euskal Jai eguna eta Kuadrilla eguna izango dira herrian abuztuko lehen hiru asteetan.

Euskal Jai eguna abuztuaren 9an egingo da, ostiralez, eta aurreko urteotan bezala, herriko elkarteei dei egin die Udaleko Kultura Sailak egun horretarako prestatutako ekitaldi batzuetan lagundu dezaten. Ohikoa denez, herri bazkaria eta sagardo dastaketa izango dira egitarauaren barne, eta bietan ere taldeentzako moduko lana aurreikusi dute.

Bazkaria zerbitzatzen talde batentzako lana egon daitekeela dio udalak. Taldekideen lana 400 laguni herri bazkaria zerbitzatzeko beharrezkoak diren azpiegiturak eta tresnak ezartzea, bazkaria ateratzea, txartelak kendu eta karpara sarrerak zaintzea, eta baita ondorengo txukuntze eta jasotze lanak egitea izango da. Guztia kultur sailaren ordezkariekin eta herri bazkariko sukaldari taldearekin lotuko dela iragarri dute antolatzaileek.

Arratsaldez, berriz, sagardo dastaketa egingo da. Hamar sagardotegitako sagardoa eskainiko da, eta horretarako aurrez edalontziak salduko dituzte. Hala, taldearen lana izango da egun horretan postuak ezartzea, basoak saltzea eta sagardoa banatzea, eta aurrez eta ondoren beharrezko lanak gauzatzea.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Zumaiako herriaren edota bere biztanleen onurarako, kirol, kultur edo gizarte mailan, etekin ekonomiko propiorik gabe, modu iraunkorrean lan egiteko eratu diren elkarteak. Hauek, udalak herriko taldeen artean diru-laguntzak emateko ordurako onartutako oinarri berak bete beharko dituzte, eta, horrez gain, euskaraz jarduteko gai izan beharko dute, eta, batik bat Sagardoa banatzeko orduan, ez dira adin txikikoak izango.

Interesdunek uztailaren 21a baino lehen eman beharko dute izena Alondegia kultur etxean (943-86 10 56 / kultura@zumaia.eus) Izena emango duten taldeen arabera hauei bilera batera dei egingo zaie eta beharrezko azalpenak eman. Taldeen arteko zozketa bilera horretan egingo dela ere iragarri du udalak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide