Sukar berbena taldearen ekipoa daraman kamioiak eta musikariak dakartzan autoak Kofradia aurreko aparkalekuan aurkitu dute lekua. Haiekin batera da Joseba Uranga Larrañaga. Zumaiako Udaleko Kultura Sailak hala eskatuta, berak ekarri du musika taldea Zumaiara. 2024ko santelmoetako azken emanaldia izango da, eta haren inguruko xehetasunak azaltzen dabil ibilgailuen gidariei, baita musikariei ere. Ondo ezagutzen ditu Zumaiako jaiak, baita Euskal Herriko beste udalerri edo auzoetako festak ere, antolatzaileek hala eskatuta, haietarako guztietarako berbena taldeak, txarangak, pailazoak eta era guztietako ikuskizunak eskaintzen dituelako bera sortzaile eta partaide den Kalean enpresaren bidez.
"Izen hori jarri genion enpresari egunero kalean ibiltzen nintzelako", gogoratu du Urangak. Getariako Antxoa Eguna antolatzeko egindako bilera baten ostean bildu da Baleike Gukaren bulegoan, bere ofizioaren inguruan hitz egiteko. 1997. urtean sortu zuten Kalean enpresa. Gaur egun zazpi langile ditu, eta Zamudion (Bizkaia) du egoitza. "Hasieran Zumaian eta Bilbon genuen bulego bana, baina ez zuen zentzurik; zerbitzuak fakturatzeko zentralizatuta egon behar duzu". Zerbitzu hitza erabiltzen du Urangak. Izan ere, bere esanetan, Kalean enpresaren bidez "zerbitzu orokorrak" eskaintzen dizkiete bezeroei. "Festetan taldeak ekartzen ditugu, animazioak, txarangak, haur parkeak, ikuskizunak... baina enpresetako ekitaldiak ere antolatzen ditugu". Azken jarduera horren adibide batzuk jarri ditu Urangak: "Irizarren 125. urteurreneko ekitaldia antolatu genuen 3.000 lagunentzako; Amporena, 1.500 lagunentzako. Anoetako [Donostia, gaur egun Reale Arena] estadioko inaugurazioa ere guk antolatu genuen, Europako junior mailako atletismo txapelketa jokatu zenean. Realak gero beste festa bat egin zuen, baina txapelketa horrekin inauguratu zen estadioa".
Jardunaldi handiak antolatzera ohituta dago Uranga. Hasiera, ordea, xumeagoa izan zen: familiak Zumaian zuen Etxe Ona jatetxerako kontzertuak eta ekitaldiak antolatzen ezagutu zuen denborarekin lanbide bihurtuko zen ofizioa. "1970ean zabaldu genuen Etxe Ona jatetxea, eta senitarteko askok bezala, bertan egin nuen lan. Urte batean jatetxeko terrazan ekitaldiak antolatzen hasi ginen; hura izan zen mundu honetarako sarbidea", dio. Zumaiarrak eta herrira etortzen ziren beraneanteak hurreratzen ziren udako gauetan Etxe Onara boleroak eta latinoamerikar kutsuko musikak entzutera. Jatetxea 2000. urtean itxi zuten, baita handik denbora batera eraitsi ere, lurzoru horretan etxebizitzak egiteko. "Azken urteetan ez genituen ekitaldiak antolatzen, Zumaian bertan eta inguruko herrietan nahikoa eskaintza bazegoelako".
Urte haietan egindako kontaktuen bidez pasatu zen Uranga taldeak kontratatzetik talde horiek bezeroei eskaintzera. "Bilboko talde batekin egiten nuen lan; eskaintza handia zuten. Harremana egin genuen eta, ezaguna nintzela-eta, beraientzat lan egitea proposatu zidaten. Zalantzak izan nituen, bezeroa izatetik mostradorearen beste aldera pasatu behar nuelako. Denbora batean ibili nintzen beraiekin, eta handik egin genuen salto eta Kalean enpresa sortu genuen".
Euskal Herri mailan egiten du lan enpresa horrek. "Gehiena Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, baina Iparraldean ere egiten dugu lan. Hendaiako jaiak egiten ditugu, eta inguruko herri txiki batzuk ere bai. Nafarroan egiten dugu lan, agian hango jendea mugitzen dugulako. Denon artean egiten dugu lan. Lankideak Arabaz eta Bizkaiaz arduratzen dira, ni gehiago Gipuzkoaz, Nafarroaz eta Iparraldeaz, baita jardunaldi handiez ere". Azken horiei esker beraien jarduera euskal mugetatik at ere eraman dutela esan du Urangak. "Gamesa Gearbox enpresarentzako jardunaldi bat antolatu genuen, gustatu zitzaien egindako lana, eta galdetu zidan ea Madrilera, Galiziara edo beste lekuren batera joango ote nintzen beraiekin. Esan nien arazorik ez nuela, aurrekontu bat planteatuko niela eta konforme bazeuden zerbitzu hori eskainiko niela. Hor ibili gara elkarrekin lanean, Errioxan, Kantabrian, Asturiasen... Ez diot inori ezezkorik ematen".
Herrietako eta auzoetako jaiak dira Kalean enpresaren fakturazioko ardatz garrantzitsua. "Herri asko dago, eta festak nonahi daude. Jardunaldi handiek agian oihartzun handiagoa dute, baina gure oinarriak festak dira, jaiak eta kultur ekitaldiak. Festez aparte, kontzertuak eta emanaldiak ere antolatzen ditugu". Uda garaian lana lepo izaten dutela ere adierazi du Urangak. "Ekainaren erdi aldetik urriaren erdira arte lan asko izaten dugu. Amabirjinak, sanjuanak eta sanpedroak oso endredatzaileak dira; zoramena izaten da egun horietan". Gainera, jarraipen estua egiten dute: "Eskaintzen ditugun gauzetara beti joaten gara; segimendua egiten diogu [kontratatutako] taldeari, ikusteko nola doan, ea entzuleekin konektatzen duten, eta balorazio bat egiteko. Ez ditugu lekuetara bidaltzen eta kito; normalean beraiekin joaten gara", gaineratu du.
Festek urte hauetan guztietan izandako bilakaeraren lekukoa da zumaiarra. "Urte asko dira eta aldaketa handiak izan dira. Lehen oso klasikoak ziren, eta aurrez egindakoa errepikatzen zuten: erromeriak, berbenak, dultzaina jotzaileak, pailazoak... Gaur egun, gauza oso desberdinak planteatzen dira". Hori hala izanda ere, funtzionatzen duten gauzak ez aldatzearen aldekoa da Uranga. "Gehiegi ez konplikatzeko esaten diet, eta funtzionatzen duten gauzak ez aldatzeko, batzuetan okerrera egiten du eta".
Festaz festa mugitzen da Joseba Uranga, baina jaiak gogoko ote ditu? "Bizitza adinak markatzen dizu. Gaztea zarenean festak asko gustatzen zaizkizu; dinamika horrek jendea ezagutzera eramaten zaitu, ondo pasatzera. Denborarekin, gauzak beste era batera ikusten dituzu, lana eta festa uztartzen joaten zara, eta ezin duzu lehenagoko martxan ibili. Baina bai, festak beti gustatu izan zaizkit. Gustatzen zait jaiak ikustea, baita parte hartzea ere".