Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bainua hartzeko baimena eman du Santiago hondartzan. Hala ere, kontuz ibiltzeko eskatu du: bainuak laburrak izatea eta ondoren dutxak hartzea aholkatzen du.
Aste honetan hirutan hartu dituzte Santiagoko uraren laginak Osasun Saileko langileek, eta hiruretan Enterococcus bakteriaren mugak gainditu direla ondorioztatu dute behin analisiak egin eta gero. Hala, atzo hondartza honetan bainurik ez hartzea gomendatu zuten urak kalitate irizpideak betetzen ez zituelako.
Osteguneko laginek ere positibo ematen jarraitu dute bakteria horri dagokionez. Hala ere, kopuruek asteazkenekoekin alderatuta behera egin dutela azaldu du Osasun Sailak, eta bainua baimendu du. Hori bai, kontuz ibiltzea eskatu die sail honek hondartzako erabiltzaileei. Bandera horia igoko dute hondartzan eta sorosleek megafonia bidez bainu laburrak hartzeko eta ondoren dutxak hartzeko aholkuak emango dituzte.
Bihar ere hartuko dituzte Santiagoko ureko laginak, baina horren emaitzak datorren astean emango dituzte.