Duela aste batzuetako bera izaten jarraitzen du Zumaiako anbulatorioko egoerak: sei mediku beharrean, hiru ari dira lanean, eta pediatra bakarra dago oraindik ere. Osasun sisteman lehen mailako arreta "ezinbestekoa" dela iritzita, Zumaia Osasun Publikoaren Alde plataformak protesta egin du beste behin ere anbulatorio aurrean gaur, ostirala. Herritar ugari batu da elkarretaratzera.
Lehen mailako arreta eskatzeaz gain, zerbitzuen publifikazioa, kudeaketaren demokratizazioa eta hizkuntza eskubidea bermatzea eskatu dute bertan bildutakoek. Zuopa plataformako kideek azaldu dutenez, uda sasoia izanda, herritik kanpoko pertsonek Zumaiako anbulatoriora jo dutenean beren herrira jotzeko eskatu zaie, eta gainera, pediatrarik lanean egon ez den kasuetan, Zestoara eraman behar izan dituzte haurrak.
Mobilizazio gehiago iragarri dituzte: uztailaren 19an ere elkartuko dira 12:00etan anbulatorioaren parean, eta abuztuaren 9an, Euskal Jai egunez, Amaia plazan egingo dute protesta 13:00etan.