Bihar arratsaldean zen egitekoa Itzurun-Arranpla igeriketa zeharkaldiaren zazpigarren edizioa. Proba jokatzeko egun bat besterik geratzen ez zenean, antolakuntzak zeharkaldia bertan behera uzteko erabakia hartu du.
Parte hartzaileen segurtasuna bermatzea dago Taosa igeriketa taldeak hartutako erabakiaren atzean. Izan ere, itsasoaren egoeraren aurreikuspenak ez dira egokienak itsasoan igeriketa saio bat egiteko. Horrez gain, azken astean Santiago hondartzan eta errioan detektatutako enterococcus bakteriaren maila handiak eraman dute azken orduko erabaki hau hartzera.
Dagoeneko izena emanda zutenekin harremanetan jarriko da antolakuntza izena ematerako orduan egindako dirua itzultzeko.