ETE eta KAE1 ligetako Zumaiako traineruek arraun denboraldiko irteera luzeenetakoak izango dituzte asteburu honetan: Camargon (Kantabria) ariko dira gaur arratsaldean eta Portugaleten (Bizkaia) bihar goizean.
Lehenengo estropadari begira jarrita, ETE ligakoa, 16:00etan hasiko da eta ohorezko txandan lehiatuko da Telmo Deun. Orain arteko denboraldi hasiera bikainari –jokatutako lau estropadak irabazi ditu– segida emateko asmoarekin uretaratuko dute ontzia.. Biharko estropada, berriz, 11:00etan hasiko da.
KAE1 ligan, aurreko igandeko emaitza ona berresteko gogoa izango dute Zumaiako gizonezkoek. Gaurko estropada 17:00etan hasiko da eta biharkoa 12:00etan.
Gorengo ligetako traineruak Euskal Herrian
Euskotren eta Eusko Label ligetako traineruek joan den astean ekin zioten denboraldiari Galiziako uretan eta etxetik gertu ariko dira orain, Euskal Herrian. Ohi bezala, Euskotren ligakoak izango dira lehiatzen lehenengoak eta 17:25ean hasita egingo dute gaur Donostian. Emakumeen estropada amaitutakoan abiatuko dute gizonena, 18:20 aldera.
Bihar, berriz, Zierbenan (Bizkaia) ariko dira. 11:25ean abiatuko dute Euskotren ligako lehenengo txanda eta 12:20ean Eusko Labelekoa.