Hirugarren egin dute Zumaiako traineruek Camargon

Juan Luis Romatet 2024ko uzt. 6a, 18:43

Gizonen Zumaia-Delteco, artxiboko argazkian. (IƱaki Suarez)

Camargon (Kantabria, Espainia) jokatu dira gaur arratsaldean ETE eta KAE 1 ligetako estropadak. Zumaiako emakumeek zein gizonek hirugarren egin dute gaurko estropadetan. 

ETE ligako estropada jokatu da lehenbizi. Camargoko Udalaren III. Bandera zegoen jokoan, eta Zumaia-Deltecok aurreko lau jardunaldietako bolada onari eutsi nahi izan dio. Ez da posible izan, gaurko estropadan hirugarren egin dutelako, bandera astindu duen Astilleroren (10:41,02) eta Zarautzen (10:49,07) atzetik. Zumaiarrek 15 ehuneko gehiago behar izan dituzte 10:49,22 denborarekin lanak amaitzeko.

Jardunaldi honen ondoren sailkapena estutu egin da. Zumaia-Deltecok jarraitzen du lider postuan 38 punturekin; bigarren jarraitzen du Astillerok 36 punturekin, eta hirugarren da Zarautz 28 punturekin.

Jarraian jokatu dute Camargoko Udalaren XXXII. Bandera, KAE 1 ligarako puntuagarria. Zumaia-Delteco bigarren txandan aritu da, eta Santurtziko Itsasoko Amarekin borroka polita izan du. Azkenean, zumaiarrek irabazi dute beraien txanda 19:56,32 denborarekin, Santurtzik baino segundu bat gutxiago. Ez hori bakarrik, ohorezko txandan lehiatu diren Lapurdik eta Zarautzek baino denbora hobea egin du Telmo Deunek, eta estropadako sailkapen orokorrean hirugarren postu bikain bat lortu du. San Juanek irabaiz du bandera eta bigarren Arkote izan da.

Ligako sailkapenean bosgarren da Zumaia-Delteco, 24 punturekin, lider den San Juan (36 puntu), Zarautz (29 puntu), Arkote (28 puntu) eta Lapurdiren (36 puntu) atzetik.

Bihar Portugaleten (Bizkaia) izango dute hurrengo hitzordua: ETE ligako estropada 11:00etan hasiko da eta ordubete beranduago, 12:00etan, KAE 1 ligakoa.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide