Markina-Xemeingo finalera heldu da Imanol Lopez

Juan Luis Romatet 2024ko uztailaren 7a

Imanol Lopez atzoko partidako une batean. (Utzitakoa)

Uztailaren 16an jokatuko dute txapelketako finala, eta Barandikak eta Lopezek Olharan eta Ibarluzea izango dituzte aurkari.

Markina-Xemeingo Grand Slamaren finalerdiak jokatu zituzten atzo arratsaldez zaletuez bete zen Unibertsitatean. Uztailaren 16an, Karmengo egunean jokatuko den finalera txartelak zeuden jokoan.

Jaialdiko lehen partidan aritu zen Imanol Lopez puntista zumaiarra, Barandikarekin bikotea osatuta. Johan eta Del Rio izan zituzten aurkari lehen finalerdian. Zumaiarrak eta gernikarrak osatutako bikoteak buelta eman behar zion partidari finalean sartu ahal izateko. Johan Sorozabal eta Julen Del Rio ondo sartu ziren partidan, eta 2-6 emaitzarekin jarri ziren aurretik. Lehen jokoa 11-15 emaitzarekin irabazi zuten Gasteizkoak eta Biarritzekoak.

Bigarren jokoan Barandika eta Lopez agintzen jarri ziren, baita markagailuan aurretik jarri ere (6-4, 8-5, 10-6). Une horretan lesioa izan zuen Del Riok eta Gorka Mugartegi sartu zen jokoan haren ordez. Bigarren jokoa 15-9 emaitzarekin irabazi zuten atzo marroi kolorearekin aritu ziren Xabier eta Imanolek. Berdinketa hausteko joko laburra ere irabazi zuten (5-2), eta, hala, finalera sailkatu ziren.

Finalean aurkari Olharan eta Ibarluzea izango dituzte. Hauek bi jokotan irabazi zieten Basque eta Laducheri (13-15, 14-15).

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide