Bigarren eta laugarren izan da Zumaia Portugaleteko estropadetan

Juan Luis Romatet 2024ko uzt. 7a, 13:44

Traineruak lanean Ibaizabalen.

ETE eta KAE 1 ligetako estropadak hartu ditu gaur eguerdian Bizkaiko herriak. Zumaia-Deltecoren bi ontziek lan ona egin dute bi banderetan.

Portugaletek (Bizkaia) hartu du Camargoren (Kantabria, Espainia) lekukoa ETE eta KAE 1 ligei dagokionez. Portugaleteko XLII. Bandera izan da jokoan, eta Ibaizabalen arraun egin behar izan dute liga hauetako parte hartzaileek.

ETE ligako seigarren jardunaldia jokatu dute lehenbizi. Zumaia-Delteco ohorezko txandan aritu da, eta bigarren egin du. Astillero kantabriarrekin du borroka Telmo Deunek. Joaneko luzean ihes egin die Astillerok, eta ziabogan zazpi segundoko aldea atera dio. Bueltakoan, hobeto moldatu dira gorriak, eta aldea murriztu badute ere, ez da nahikoa izan estropada irabazteko. Astillero izan da irabazlea, 10:46,10 denborarekin. Bigarren izan da Zumaia-Delteco 10:50, 31 denborarekin, eta atzetik sailkatu dira Zarautz eta Kaiku, hirugarren eta laugarren, hurrenez hurren.

Ligako sailkapen nagusian, behin sei jardunaldi jokatuta, puntu bakarrera jarri da Astillero zumaiarrengandik: 45 puntu ditu Zumaiak eta 44 Astillerok. Hirugarren da Zarautz 34rekin.

KAE ligako bosgarren jardunaldia jokatu dute jarraian. Zumaia-Delteco ohorezko txandan aritu da, eta lan bikaina egin du. Izan ere, segundo eta erdi besterik ez da izan bigarren egin duen Santurtzi eta laugarren izan den Zumaia-Deltecoren artean; bien artean Arkote sailkatu da. Eskualdeko ontziei dagokionez, Zarautz zazpigarren izan da gaur eta Orio B hamabigarren. Bandera San Juanek irabazi du.

Sailkapen orokorrean hirugarren portura igo da Zumaia-Delteco. 43 puntu ditu gaur egun Telmo Deunek. Lider orain arteko bandera guztiak irabazi dituen San Juan da, 60 punturekin.

Hurrengo hitzordua Sestaon izango dute ETE zein KAE 1 ligetako parte hartzaileek. Igandean jokatuko dira estropadak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide