Andrak Erramutan taldeak geldialdia egin du Zumaian etxera bidean

Juan Luis Romatet 2024ko uzt. 7a, 17:08

Ondarroa-Donostia-Ondarroa itsas erronka feminista egin duen Ondarroako Andrak Erramutan taldeak geldialdia egin du Zumaian etxera bidean.

Ondarroatik atera, Donostiara iritsi, eta handik etxera buelta, bidean geldialdiak eginez. Erronka hori egin du Ondarroako Andrak Erramutan taldeak asteburu honetan. 

Gaur egin dute Donostiatik Ondarroarako itzulerako arraunketa saioa, eta eguerdi partean Zumaian egin dute geldialdia. Ordu batetarako zegoen taldearen etorrera iragarrita, baina espero baino dezente lehenago heldu dira Zumaiara. Harrera, bai, aurreikusitako orduan egin diete arraunlariek Kofradian.

Trikitilarien doinuak lagun zituztela heldu dira plazatxora, eta txalaparta doinuekin eta aurresku batekin egin zaie harrera. Izan da dantzarako txanda, baita taldeko argazkia ateratzekoa ere bazkaltzera joan aurretik. Emakumeon Etxean izan dute sabela betetzeko parada, berriro ontzira itzuli eta Ondarroara joan aurretik. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide