Abiatu dute 37. Julene Azpeitia ipuin lehiaketa

Juan Luis Romatet 2024ko uzt. 8a, 13:00

Iazko lehiaketako irabazleak Aita Marin egindako sari banaketa ekitaldian. (Aiora LarraƱaga Solabarrieta)

Irailaren amaierara arte izango dute parte hartzaileek beraien ipuinak aurkezteko epea.

Zumaiako Udalak abian jarri du dagoeneko Julene Azpeitia ipuin lehiaketaren 37. edizioa. Literatur sorkuntza helburua duen lehiaketa da Zumaian urtero egiten dena, eta idazleek irailaren 30era arte izango dute beraien lanak aurkezteko epea.

Lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko, aurkezten diren lanak euskaraz idatzitakoak izan beharko dute, originalak eta argitaragabeak. Adimen artifizialak gero eta presentzia handiagoa duen garai hauetan, antolatzaileek argi utzi dute ez dituztela onartuko teknologiaren laguntzarekin idatzitako lanak.

Ohi bezala, gaia librea izango da. Idazlanek gutxienez sei orri izango dituzte eta gehienez hamabost. Lerroarte bikoitzarekin idatziak egongo dira, orriaren alde batetik bakarrik.

Ipuinak Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzura bidaliko dira (Foruen plaza 1, 20750-Zumaia), Julene Azpeitia 37. ipuin lehiaketarako dela adierazita. Onartua izateko, izenburua bakarrik eramango du agerian eta idazlearen izena ezin izango da inon aipatu. Idazlanarekin batera, gutun azal itxi bat bidali beharko da, kanpoaldean idazlanaren izenburua jarrita, eta barrualdean, berriz, egilearen izen-abizenak, telefonoa, helbide elektronikoa eta NAN agiriaren fotokopia.

Hiru sari

Lanak posta elektroniko bidez bidaltzeko aukera ere badago, euskara@zumaia.eus helbidera. Kasu horretan ere egilearen izen-abizenak, telefonoa, helbide elektronikoa eta NAN agiriaren fotokopia bidali beharko dira lanarekin batera. 

Hiru sari emango ditu epaimahaiak: 3.000 euroko saria izango du irabazleak, 1.500 eurokoa emango diote bigarrenari, eta 1.000 euro jasoko ditu Zumaiako lan onenak. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide