Donostiako Klasikoa Zumaiatik igaroko da aurten ere

Mireia Galarza Bastida 2024ko uzt. 8a, 17:49

Donostiako Klasikoa iaz, Zumaiatik pasatzen. (Artxiboa)

Abuztuaren 10ean izango da aurten txirrindularitza proba, eta guztira, eskualdeko sei herritatik pasatuko da: Aia, Zarautz, Getaria, Zumaia, Azkoitia eta Azpeitia. 

Gaur aurkeztu dute 2024ko Donostiako Klasikoaren ibilbidea, eta aurreko urtean bezala, eskualdeko hainbat herritatik igaroko da. Abuztuaren 10ean izango da 236 kilometroko txirrindularitza proba, eta guztira eskualdeko sei herritatik pasatuko da: Aia, Zarautz, Getaria, Zumaia, Azkoitia eta Azpeitia. 

Villabonatik barrena, Andazarrateko mendatea igaro ondoren iritsiko da proba Aiara. Handik, Zarautzera jaitsiko dira txirrindulariak, eta kostako errepidetik Getaria eta Zumaia pasatuko dituzte. Itziar eta Debatik jarraituko du lehiak, eta Azkarate igaro ondoren zeharkatuko dituzte Azkoitia eta Azpeitia. Eskualdeko herriak atzean utzita, Tolosa aldean jarraituko du probak, ondoren Andoain eta Hernanira iristeko. Ohi bezala, Donostian amaituko da Klasikoa, hasi bezala. 

Oraindik ez dituzte jakinarazi proban parte hartuko duten txirrindularien izenak, baina bermatuta dago izen entzutetsuetako asko bertan izango direla, sona handiko proba baita Donostiakoa. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide