Sankristobalak ospatuko dituzte Narrondon bihartik

Maria Maya Manterola 2024ko uzt. 9a, 11:00

Narrondoko festetako artxiboko irudia. (GUKA)

Bihar hasiko dituzte jaiak Narrondon, 11:00etan botako duten suziriarekin, eta igandera arte luzatuko dira. Herri kirol jaialdia, mus txapelketa, hanburgesa festa nahiz haurrentzako jolasak izango dira aurtengoan ere.

San Kristobalen, gidarien zaindariaren egunaren, bueltan ospatzen dituzte festak Zestoa eta Zumaia arteko Narrondon. Uztailaren 10a izan ohi da egun hori, eta egun horretarako ekitaldiak antolatu badituzte ere, igandera arte luzatuko dira festak han.

Narrondo auzoan San Kristobal egunez, bihar, botako dute festen hasierako suziria, eta 11:00etan egingo dute herri meza. Arratsaldean haurrentzako jolasak eta ekintzak izango dituzte. 

ZESTOA-ZUMAIA. NARRONDO AUZOA.
Uztailak 10, asteazkena.
08:00. Suziria jaiei hasiera emateko.
11:00. Herri meza.
Ondoren, hamaiketakoa.
16:00-20:00. Gaztetxoentzat puzgarriak eta txokolatada egongo dira.

Uztailak 12, ostirala.
19:00. Inguruko baserrietako sagardoak dastatzeko aukera egongo da, pintxoekin. Karpan.
19:30. III. Hanburgesa festa Gure Ametsa elkartean.
21:00. Izer eta Alabier trikitilariak.

Uztailak 13, larunbata.
15:00. Mus eta eskoba txapelketak. Izen-ematea 15:00etan da, eta txapelketen hasiera 15:30ean. Bikoteko 25 euro ordaindu beharko da musean jokatzeko, eta 12 euro eskoban.
20:30. Sardina jana. Sardinak doan eta saiheskia eta edariak ordainduta.
22:30. Fan & Go erromeria.

Uztailak 14, igandea.
Goizean, II. Artisau azoka eta taloak.
Egun guztian zehar, Jagoba eta Maddalen trikitilariak.
12:30. Herri Kirol jaialdia. Aizkoran, Julen Gabilondo eta Suharri Paolla, Ugaitz Mugerza eta Arantza Mugerzaren aurka. Egin beharreko lanak: aizkoran, zortzi enbor etzanda eta bi enbor zutik, trontzan zortzi enbor eta korrika hogei itzuli. Harri jasotzen, Karmele Gisasola, Aritz Norde eta Urdax.
14:00. Bertso bazkari herrikoia, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariekin. Izena emateko 639 33 27 82 zenbakira deitu edo batzordeko norbaiti jakinarazi. Bertan prestatutako paella, bakailaoa tomate eta piperrekin, tarta, izozkia eta kafea (30 euro) edo paella eta izozkia (6 euro).
Jarraian, Jagoba eta Maddaren trikitilariak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide