Lau film emango dituzte Aita Mari zineman uztailean zehar

Juan Luis Romatet 2024ko uzt. 9a, 17:00

'Horizon: An American Saga' filmaren grabazioko une bat.

Oporrak amaituta, eta zineman egindako konponketa lan batzuk eginda, datorren asteburuan itzuliko dira zinema emanaldiak Zumaiako aretora.

Aita Mari zinema aretoa itxirik egon da pare bat astez, ekainaren amaieratik uztailaren hasierara, oporrengatik. Denbora honetan, konponketa lan batzuk egin dituzte aretoan, proiekzio kabinan, gehienbat. 

Lanak amaituta, datorren asteburuan itzuliko dira zinema emanaldiak Zumaiako aretora. Hasteko, ostiraletik astelehenera bitartean, Horizon, An American Saga filma emango da Aita Marin. Kevin Costner ezagunak zuzendu, idatzi eta antzeztutako 180 minutuko western hau saga bateko lehenengo zatia da; bigarren abuztuan estreinatuko dute.

Hurrengo asteburuan, berriz, bi film emango dituzte. Batetik, Dani Rovira eta Elena Irureta protagonista dituen eta Ibon Comerzana bilbotarrak zuzendu duen El bus de la vida (uztailaren 19tik 22ra emango dute), eta igande horretan, hilaren 21ean, Pico de Oro y sus amigos animaziozko filma txinatarra.

Uztailarekin amaitzeko, hilaren 25etik 29ra bitartean, Santiago Segurak zuzendu eta antzeztutako Padre no hay más que uno 4: Campanas de boda komedia emango dute.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide