Santiago Banda: "Gure elizetako organoak altxorrak dira, eta ez gara horren jakitun"

Juan Luis Romatet-Urtzi Oteiza 2024ko uzt. 12a, 10:00

Etzi Zumaian eta hurrengo larunbatean Getarian izango dira Nazioarteko Flysch Organo Jaialdiko kontzertuak. Santiago Banda (Zumaia, 1980) organista da zikloaren arduraduna.

Abian da dagoeneko Nazioarteko Flysch Organo Jaialdiaren bederatzigarren aldia. Pasa den igandean egin zuten lehen emanaldia, Orion; etzi, igandea, Zumaiako San Pedro parrokian izango da kontzertua; uztailaren 20an, Getarian, San Salbador elizan; eta hilaren 27an, Debako Santa Maria elizan (Gipuzkoa). Emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira, eta sarrerak doakoak izango dira. 

Zer helbururekin sortu zenuten organo jaialdia? 

Eskualdean ditugun instrumentu batzuk berreskuratzea zen helburua, baina, horretaz aparte, duten balioa aitortzea. Organoak altxorrak dira, eta askotan ez gara horren jakitun. Elizen barruan ditugu, goialdean, baina benetan ez dakigu zer dugun hor barruan. 

Bederatzi edizio bete ditu zikloak. Zer balorazio egiten duzu antolatzaile bezala? 

Nahiko ona. Berrikuntzak ere izan dira teknikaren eta proposamenen aldetik, hau da, kontzertuen aldetik. Oso pozik gaude. Gero eta jende gehiago bertaratzen da emanaldietara eta gero eta kontzertu gehiago ongintzakoak dira. Alde horretatik, pozik gaude. 

Hasieran jarritako helburuak bete al dira?  

Bai. Esango nuke helburuak hasieratik bete direla. 

Lau herritan izango da zikloa. Ez al duzue jaialdia beste herriren batera eramateko asmorik? 

Ikusiko dugu. Zarautz zikloan parte hartzeko interesatuta dago. Karmeldarren komentua zaharberritu dute, organoa ere berritu dute, eta agian izan daiteke jaialdia hartuko duen beste herri bat.  

Aditua ez den norbaitek pentsa dezake organo guztiak berdinak direla... 

Pentsatu behar da organo bakoitza hartuko duen lekurako egin dutela. Leku bakoitzak soinu desberdina du. Instrumentuak, tokiaren arabera, handiagoak edo txikiagoak dira, soinu desberdina dute, erregistro desberdinekin egiten dira. Gero, noski, harmonizatu egin behar dira lekuan bertan; lekura egokitutako soinua eman behar zaio, han bertan. Nahiz eta fabrika batean egin, gero tokian bertan ematen zaio azkeneko kolorea.  

Elizan egonda, mezak-eta laguntzen ditu, baina errepertorioa askoz ere zabalagoa izango da. 

Nolabait, jaialdi honek hori ere bultzatu nahi du. Mezarako instrumentu onena izan da organoa, baina gaitasun handiko instrumentua denez, jaialdi honetan beste ikuspuntu bat ematen diogu. Horregatik egin ditugu hainbat kontzertu desberdin. Horren adibide da lehengo urtean Zumaian izan zen emanaldia, zeinetan film bat eman zen eta hari musika jarri zitzaion. Kontzertu hartan inprobisatu egin zuten filmaren musika. Saiatzen gara kontzertu desberdinak antolatzen. Badaude organoko kontzertu 'arruntak' eskaintzen dituzten beste jaialdi batzuk. Gu saiatzen gara kontzertu erakargarriak antolatzen. Hori bai, errepertorioa aurkitzea zaila da.

Orion izan zen lehen kontzertua pasa den igandean. Hurrengo hiru emanaldietan zer entzun edo zer ikasi ahal izango da?  

Zumaian bi musikari argentinar izango ditugu, biak Donostian bizi direnak: Matias Sagreras organista handia eta Juan Ignacio Emme, Euskadiko Orkestrako lehen txelo jotzailea. Kontzertuaren izena Oblivion da; Astor Piazzolaren lan famatua da hori, kontzertuan entzun ahalko dena. Baina, horrez gain, izenak ingelesez ahanztura esan nahi du. Nolabait, bere herria ahaztu duela irudikatzen du, eta musikaren bidez itzultzen dira hara. 

Getarian film bat emango da, Mauro eta Victor Azconaren Basterretxeren maiorazkoa. 1928koa, euskal filmografian osorik gordetzen den garai mutuko fikziozko film luze bakarra da. Ana Belen Garcia organista eta pianistak eta Thierry Biscary kantari, perkusionista eta konpositoreak jarriko diote musika filmari, inprobisazioekin. 

Deban izango da azkeneko kontzertua. Amaia Larraioz sopranoak eta nik joko dugu han. Musika alemaniarra II du izena saioak, eta iaz Deban egin zen kontzertuaren jarraipena da. Kontzertu hartan J. S. Bach izan zen helmuga, eta abiapuntu izango da oraingo honetan. Bachen, Liszten, Schuberten edo Wagnerren lan oso politak eta ederrak entzun ahalko dira. 

Oriokoa eta Debakoa kontzertu solidarioak dira. Arlo hori ere zaindu nahi izan duzue. 

Saiatuko gara hurrengo urteetan bide hori jorratzen. Aurten bi emanaldi solidario izango dira, eta ea datorren urtean hiru diren.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide