Karmenak ospatuko dituzte Arroabean astelehenetik hasita

Intza Trula 2024ko uzt. 13a, 13:00

Iazko paella lehiaketako une bat. (Mailo Oiarzabal)

Igandera bitarte, asteazkena salbu, ospatuko dituzte jaiak auzoan. Jubilatuen eta umeen bazkarietarako eta herri afarirako txartelak erosteko azken egunak dira.

Karmenak ospatzeko pronto daude Arroabean; astelehenetik, hilaren 15etik, aurrera lehertuko da festa han, eta igandera arte, asteazkena salbu, izango dute zer egina. Sei egunez festa giroan murgilduta egongo dira auzotarrak, Festa Batzordeak eta Ederki elkarteak prestatutako egitarauari esker.

Indartsu hasiko dute astelehena, Karmen bezpera: Patx DJak zabalduko du arratsaldea, eta iluntzean ongietorria egingo diote Karmentxuri. Herri afaria ere izango da festen lehen egunean, eta jarraian musika saioek girotuko dute auzoa.

Asteartean, mezarekin hasiko dute eguna, eta arratsaldean herri kirol erakustaldiaz eta sagardo dastaketaz gozatu ahal izango da.

Asteazkena ajeari aurre egiteko eguna izango da, baina ostegunean helduko diete berriro ere festei: jubilatuentzako meza eta bazkaria izango dira lehenik, eta ondoren presoen aldeko pilota txapelketako finalek hartuko dute frontoia.

Ostiralerako, Umeen Egunerako, haur guztien gozamenerako jarduerak prestatu dituzte: goizetik hasita, jolasak, bazkaria, puzgarriak eta askoz ere gehiago izango dituzte. Arratsaldean, berriz, Zumaiako karropoteoak girotuko du Arroabea, eta herri afariaren ondoren zenbait kontzertuz gozatu ahal izango da plazan.

Larunbatean, Kuadrillen Egunean, izango dira paella lehiaketa eta bazkaria. Antolatzaileek adierazi dutenez, lehiaketara animatzen direnek bazkarian lantxo txiki bat hartu beharko dute; beraz, izena ematen dutenekin bihar, larunbata, bilera bat egingo dute. Iluntzean Sukena, Tapia eta Leturia Band eta Bad Sound Sister igoko dira eszenatokira.

Igandean, hilaren 21ean, izango da azken eguna. Goizean, Idiakaitz txistulari taldeak alaituko ditu kaleak, eta, ondoren, umeen dantza emanaldia, Munduko Platerak, patata tortilla lehiaketa eta Izer eta Alabier bikotearen emanaldia izango dira. Iluntzean, bandera jaistearekin batera agurtuko dituzte jaiak.

Txartelak, oraindik salgai

Karmen bezperako, uztailaren 15eko, herri afarirako txartelak jada ez daude eskuragarri, baina uztailaren 18an egingo den jubilatuen bazkarirako eta hilaren 19ko herri afarirako sarrerak eskura daitezke oraindik; gaur da, hain justu, horretarako azken eguna.

Horrez gain, Umeen Egunean, uztailaren 19an, egingo duten bazkarirako txartelak bihar arte egongo dira salgai Txara dendan. Bazkariaren prezioa 8 eurokoa da, eta menuan makarroiak, solomoa patatekin eta izozkia izango dira. Txerrikia jaten ez duten haurrek bazkarirako izena ematean adierazi behar dute hori.

Egitaraua:

Uztailak 15, astelehena

  • 18:00. Karroza, Patx DJarekin.
  • 20:30. Karmentxuri ongietorria.
  • 21:00. Herri afaria, frontoian.
  • Ondoren, Andoni Ollokiegi.
  • Jarraian, Patx DJa goizaldera arte.

Uztailak 16, asteartea

  • 12:00. Meza eta Itxaropena dantza taldearen emanaldia.
  • 17:30. Herri kirolak.
  • 19:00. Sagardo dastaketa.
  • Giroa alaitzen, Etxebarria aita-semeak.

Uztailak 18, osteguna

  • 12:00. Jubilatuen meza.
  • 14:00. Jubilatuen bazkaria.
  • Ondoren, trikitilariak.
  • 19:00. Presoen aldeko pilota txapelketako finala.

Uztailak 19, ostirala

  • 11:00. Umeentzako jolasak.
  • 12:30. Bota ura!
  • 13:30. Umeen bazkaria.
  • 15:30. Puzgarriak, zirkoa, aurpegi margoketa, eskulanak eta jolas gehiago. Jarraian, txokolatea banatuko dute eta apar festa izango da.
  • 19:00. Zumaiako karropoteoa auzoan barrena.
  • 21:00. Herri afaria.
  • 23:00. Kontzertuak: Skareggekasko, Gabezin eta Mikerinos DJa.

Uztailak 20, larunbata

  • 10:00. Paella lehiaketa eta bazkari prestaketa.
  • 14:00. Bazkaria.
  • 17:00. Bazkalondoa kantuz alaituta.
  • 19:00. Tocan 2 la polla.
  • 23:00. Kontzertuak: Sukena, Tapia eta Leturia Band eta Bad Sound Sister.

Uztailak 21, igandea

  • 10:00. Idiakaitz txistulariak.
  • 12:30. Umeen dantza emanaldia.
  • 13:00. Munduko Platerak.
  • 17:00. Patata tortilla lehiaketa.
  • 18:30. Izer eta Alabier.
  • 22:00. Bandera jaitsiera.
Erlazionatuak

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide