Igon Manzisidor bigarren sailkatu da Ehunmilak mendi lasterketan

Jabi Gonzalez Toston 2024ko uzt. 14a, 09:00

Igon Manzisidor Azpeitiako kontrol gunean, proba eskualdetik pasatu denean. (Ihintza Elustondo)

Zumaiako bizilagunak iaz lortutako postua berdindu du, baina denbora hobea eginda. Ia ordubete azkarrago amaitu du 170 kilometro dituen proba. Irabazlea, berriz, Fidel Fernandez kantabriarra izan da.

Igon Manzisidorrek bigarren postuan amaitu du Beasaingo Ehunmilak mendi lasterketa. Iaz ere parte hartu zuen eta postu berean sailkatu zen. Dena den, hobea izan da auren egin duen denbora, 24 orduak bete aurretik helmugaratu baita. 23 ordu, 45 minutu eta 48 segundo behar izan ditu 170 kilometroko ibilbidea osatzeko, eta, joan den urtean, aldiz, 24 ordu, 44 minutu eta 56 segundo.

Deban jaiotako Zumaiako bizilaguna azken unean David Calero andaluziarra aurreratu duelako sailkatu da bigarren; izan ere, helmuga aurreko Mutiloako kontrol gunera arte hirugarren postuan zihoan. Bi munituko aldea ateratzen zion Calerok Manzisidorri Mutiloan, baina, helmugara, Zumaiako bizilaguna heldu da lehenago, esan bezala, eta bederatzi minutuko aldea atera dio, azkenean.

Irabazleak alde nabarmena atera dio Manzisidorri, hori bai. Elosuako Kontrol gunea igarota jaun eta jabe izan da proba irabazi duen Fidel Fernandez kantabriarra eta 23 ordu, 26 minutu eta zazpi segundoan helmugaratu da. Ia hogei munutuko aldea atera dio, beraz, herriko ordezkariari.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide