OpenLab espazioan antolatutako teknologia ikastaroak eskainiko ditu UKUEk

Julene Sorarrain 2024ko uzt. 14a, 13:00

Tailerrak irailaren 2tik 5era bitartean eskainiko dituzte, eta ikastaro bakoitzeko 12 haurrez osaturiko talde bat egingo da. Izen ematea zabalik dago uztailaren 25a bitarte.

Haurrei zuzendutako teknologia ikastaroak antolatu ditu beste behin Urola Kostako Udal Elkarteak, ohiko moduan, OpenLab espazioan. Uda sasoiari amaiera bikaina emateko eta azken opor egunetarako plan desberdin eta dibertigarria eskaintzeko asmoz, 

Hala, aisia eta ikaskuntza uztartuz, robotika eta dronak protagonista nagusi izango dituen bi ikastaro antolatu ditu, 7 eta 14 urte arteko haurrei zuzenduta; Smart Green City lehena, 7 eta 10 urte bitartekoentzat eta Dronak eta errealitate areagotua 11 eta 14 urte bitartekoentzat. Tailerrak irailaren 2tik 5era egingo dituzte eta ikastaro bakoitzeko 12 haurrez osaturiko talde bat egingo da.

Tailerrak teknologiaren erabileran oinarrituko dira, haurrek, ondo pasatzez haratago, teknologia modu eraginkor eta arduratsuan erabiltzen ere ikas dezaten.

1. Robotika – Smart Green City (7-10 urte)

Tailer honetan eraikin edo dorre adimendun eta bioklimatiko bat eraikiko dute parte-hartzaile guztien artean. Talde bakoitzak solairu bat muntatuko du eta elkarrekin solairuen arteko ainguratze sistemak adostu beharko dituzte. Era berean, talde bakoitzak zehaztuko du egituren eta elementuen barne antolamendua. Ikastaroan Lego Technic, Makeblock eta VEX Robotics piezak erabiliko dituzte.

2. Dronak eta errealitate areagotua – DJI Tello dronaren programazioa (11-14 urte)

Bakarka eta taldeka, programazio bidez gainditu beharreko hainbat misio planteatuko zaizkie parte-hartzaileei. Adimen artifizialeko tresnak erabiliz, zailtasun handiagoko erronkak planteatu ahal izango dira. Programazio lengoaia Scratch 3.0 izango da eta gainera, hegaldi simulazioak ere egingo dituzte.

Izen ematea

Izen-ematea zabalik dago eta interesdunek uztailaren 25a bitarte eman ahal izango dute izena ondorengo galdetegia beteaz. Ikastaroak guztiz doakoak izango dira.

Ikastaro bakoitzeko 12 haurrez osaturiko talde bat egingo dira. Kasu honetan, lehentasuna izango dute aurrez antolatutako ikastaroetan parte-hartu ez duten haurrek. Horiekin taldeak osatuko ez balira, izen-emate ordena errespetatuz beteko dira.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide