Denboraldiko bosgarren bandera astindu du Telmo Deunek

Jabi Gonzalez Toston 2024ko uzt. 14a, 17:45

Zumaiako arraunlariak Sestaon irabazitako banderarekin. (Telmo Deun A.E.)

ETE ligako ontzia garaipenaren bidera itzuli da joan den asteko hirugarren eta bigarren postuen ondoren. KAE1 ligakoak, berriz, ez du estropadarik jokatu bertan behera utzi dutelako jardunaldia.

Telmo Deunen ETE ligako ontzia garaipenaren bidera itzuli da eta denboraldiko bosgarren bandera irabazi du Sestaon. Hori horrela, sailkapeneko lidergoan jarraitzen du eta bi puntura zabaldu du atzera berriro Astillerori ateratzen dion aldea.

Gaurkoan ere bigarren sailkatu da Kantabriako taldea zumaiarrengandik hiru segundora. Estua izan da bien arteko aldea, beste behin, hasi eta buka. Ziabogara segundo bateko errentarekin heldu dira zumaiarrak eta bigarren luzean eutsi eta zertxobait zabaltzea lortu dute, esan bezala. Zarauzko Enbatak ere gertutik jarraitu ditu eta ia harrapatu du Astillero bigarren luzean.

KAE1 ligako gizonezkoen traineruak, berriz, ez du estropadarik izan asteburu honetan. Emakumeen ondoren aritzekoak ziren Sestaon bertan, baina baimenekin izandako arazo bat tarteko bertan behera utzi dute estropada. Datorren astean, bi ligetako ontziek estropada bakarra izango dute berriro ere, eta Pedreñan (Kantabria) jokatuko dute, larunbat arratsaldean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide