Munduko eskubaloi txapelketa jokatzeko lehen zerrendan da Andrea Saez atezain zumaiarra

Juan Luis Romatet

Andrea Saez, Espainiako selekzioarekin jokatutako partida batean.

Jubenil mailako Espainiako selekzioarekin aritzeko lehen zerrendan da Andrea Saez eskubaloi jokalari zumaiarra. Hilaren amaieran egingo duten kontzentrazioaren ondoren erabakiko du hautatzaileak zer hamazazpi jokalari eramango dituen Txinara.

Emakumeen Espainiako jubenil mailako selekzioko hautatzaile Cristina Cabezak aurten Txinan jokatuko den Munduko eskubaloi txapelketara eramango dituen jokalarien lehen zerrenda iragarri du. Multzo horretan da Andrea Saez atezain zumaiarra. Hilaren 26tik aurrera Leganesen (Madril, Espainia) egingo duten kontzentraziora daude deituta jokalari hauek, eta haren ondoren, abuztuaren hasieran, iragarriko ditu Cabezak zer hamazazpi jokalarik osatuko duten mundialerako azken zarrenda.

Ez da hau Saez protagonista duen albiste bakarra. Izan ere, aurreko denboraldian Pulpo Eskubaloiarekin aritu den jokalariak Donostiako Bera Bera klubarekin fitxatu du. Azken denboraldia Zumaian jokatu badu ere, donostiarrekin ere entrenatu du. Bera Berak iragarri duenez, klubeko bigarren taldearekin arituko da zumaiar gaztea datorren denboraldian.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide