Zumaiako Triatloiaren XVII. aldia jokatuko dute irailaren 21ean, larunbatez, arratsalde partean. Ohi bezala sprint modalitatean lehiatuko dira triatletak. Aurten, gainera, distantzia horretako Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketa ere izango da Zumaiako kirol proba hau. Horrek izango du eragina aurtengo edizioan. Izan ere, triatleta federatuak bakarrik lehiatu ahal izango dira, eta parte hartzea 300 kirolaritara mugatuko dute.
Ez da berrikuntza bakarra izango. Izan ere, Zumaiako Triatloi Taldeak, jarduera honen antolatzaileak, ez du proba herrikoirik programatuko aurten. Erabaki horren atzean "marea eta antolakuntza" kontuak daudela iragarri dute antolatzaileek. "Isasgora oso berandu da aurten –19:39an da marea goia–, eta horregatik proba normalean baino beranduago hasiko da. Horri proba herrikoia gehituko bagenio, sprint modaliteko triatloia are eta beranduago hasiko litzateke", azaldu du triatloi taldeko kide batek.
Zumaiako Triatloian parte hartuko duten kirolariek 750 metro egingo dituzte igerian, hogei kilometro bizikletan eta azken bost kilometroak korrika. Emakumeen probak emango dio hasiera, 17:15ean, eta gizonak hamar minutu beranduago abiatuko dira, 17:25ean. Ohi bezala, Gernika parkean kokatuko dituzte parte hartzaileen boxak, eta bertan jarriko dute helmuga puntua.
Izen ematea dagoeneko zabalik dago rockthesport webgunean. Uztailaren 31ko gauerdia baino lehen apuntatzen direnek 35 euro ordainduko dituzte; irailaren 16ko gauerdira arte itxaroten dutenek, berriz, 40 euro. Une horretan itxiko dute izen-ematea, aurretik lekuak agortzen ez badira.
Egin beharreko lana
- Igeriketan (750 metro): Arbustaingo Arranplatik abiatuko dira. Errioan behera egin eta buelta emango dute Aita Mari jatetxe parean, eta ibaian gora eginda Gernika parkeko eskaileretatik aterako dira.
- Bizikletan (20 kilometro): Gernika parketik abiatu, eta saihesbidetik Kantera gaineko biribilgunera helduko dira. Han Oikiarako bidea hartuko dute eta behin Muniosorora helduta, Aizarnazabalera helduko dira. Han buelta eman eta Zumaiarako bidea hartuko dute errepide beretik.
- Korrika (5 kilometro): Gernika parkea Julio Beobide ibiltokia eta Itsas kiroldegi arteko zirkuitu urbano batean korrituko dute triatloiko azken proba.