Skate parke berria egiteko pausoak ematen ari da udala

Juan Luis Romatet 2024ko uzt. 16a, 13:00

Skate parkea argazkian ikus daitekeen Estazioko espazioan egitea planteatu du udalak. (Juan Luis Romatet)

Erakundeak hainbat kokaleku aztertu ditu parkea egiteko, baina gaur-gaurkoz, Estazio auzoan, tren geltoki aurreko lorategian, eraikitzea aurreikusten du aisialdirako gunea. 

Skate parke berria egitearena agintaldiz agintaldi luzatzen ari den proiektua da. Duela hiru agintaldi, Oier Korta (EAJ) alkate zela, iragarri zuen orduko udal gobernuak kirol hori praktikatzeko instalazio berria eraikitzeko asmoa zuela. Kokalekua ere planteatu zuten, baina azkenean ez zuten asmoetatik errealitatera eraman. Azpiegitura berri hori sortzeko pausoak ematen ari da egungo udal gobernua, eta dagoeneko elkartu da herriko skaterrekin, baita txirrindulariekin ere. Izan ere, skate parkearekin batera, pump track bat egitea ere aurreikusi dute.

Zumaiako Udaleko Hirigintza zinegotzi Argi Yeregiren esanetan, instalazio horiek hartuko lituzkeen espazio bat aurkitzea da zailena. Hala, behin kirol azpiegitura berri horiek egiteko konpromisoa hartuta, urte hauetan guztietan egon diren udal agintariek hainbat kokapen aztertu dituztela gogoratu du. "Lehen aukera Puntanueta alboan dagoen treneko eraikina izan zen, baina ezinezkoa izan zen proiektua han garatzea, Euskal Trenbide Sareak [ETS] behar zuelako. Gero, Aitzuri frontoiaren alboko lursail batean jartzea erabaki zuten –gaur egun Herri Eskolaren eraikina egiten ari direna–; proiektua ere diseinatu zuten, baina ezin izan zuten egin. Gu udalean sartu ginenean, beste leku baten bila hasi ginen. Aukera desberdinak aztertu genituen, baina tren geltokiko obrak antolatzen ari ginen bitartean, goialdean dagoen espazioa gune aproposa zela iruditu zitzaigun".

Estazio auzoan, tren geltokiaren eta Lurraldebuseko autobusen garajeen artean dauden lorategiez ari da zinegotzia. "Gaur egun nahiko egoera txarrean daude, ETSk ez du-eta inongo mantenu lanik egin". 

Udal agintariak duela bi aste elkartu ziren skaterren eta bizikletako taldeen ordezkariekin proposamenaren berri emateko. "Proiektugile bati eskatu genion diseinu bat egiteko leku horretan zer sartzen zen ikusteko, eta hori erakutsi genien skaterrei eta bizikletazaleei. Pump trackaren eta skate parkearen pistak ez dira sartzen, eta saiatu zen bi jarduerak bateragarriak egiten", dio Yeregik. Azpiegitura berriak skate parkearen itxura gehiago duela onartu du zinegotziak, baina bueltan flow deitzen dioten espazioa izango duela. "Horrek baliatuko du bizikletan ibiltzea".

Bizilagunak kexu

Auzoko bizilagunekin ere bildu dira, eta hasiera batean instalazio hori Estazioan egitearen aurka agertu direla adierazi du zinegotziak, "haurren joan-etorria areagotuko litzatekeelako, eta autobusak gertu egonda, bi jarduerak bateragarriak ez direlako". Kirol jarduera horrek soinua sortuko duelako ere kexu dira bizilagunak. 

Proiektuarekiko desadostasuna adierazi dute Sastrakas mendi bizikleta taldeko kideek ere. Haien esanetan, udalak planteatzen duena skate parkea da, eta diseinuan ez da jasotzen aurreikusitako bizikleta parke edo pump trackik. "Skate parkea behar da, baina 2024ko aurrekontuetan bizikleten parkea ere jasotzen da", azaldu dute mezu bidez.

Yeregiren esanetan, oraindik "dena airean" dago. "ETSrekin hitzarmena sinatu beharko genuke, eta bizilagunekin berriro bildu. Ekarpenak jasotzeko eta elkarlanerako prest gaude", erantsi du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide