Zuopak beste elkarretaratze bat deitu du ostiralerako egoerak okerrera egin duela iritzita

Juan Luis Romatet 2024ko uzt. 16a, 17:00

Uztailaren 5ean egindako elkarretaratzeko argazkia. (Maria Maya Manterola)

Osasungintza publikoaren aldeko plataformak salatu duenez, uztailaren 20tik aurrera bi familia-mediku besterik ez dira izango Zumaian, eta, gainera, Zestoako gaixoak ere artatu beharko dituzte.

Zuopa Zumaiako Osasungintza Publikoaren Aldeko herri plataformak beste elkarretaratze batera deitu ditu herritarrak. Datorren ostiralean, hilaren 19an egingo dute, eguerdiko 12:00etatik aurrera, Zumaiako Osasun Zentroaren aurrean.

Herri plataformako kideek ohar bidez salatu dutenez, Zumaiako Osasun Zentroan bizi duten egoerak okerrera egin dezake datozen asteetan. Izan ere, azaldu dutenez, datorren larunbatetik aurrera Zumaian egon beharko luketen sei sendagiletatik bi bakarrik izango dira lanean. "Gainera, Zestoan familia medikurik ez dagoenez Zumaiako medikuak ari dira ematen bertako pazienteei arreta", aipatu dute.

Gogoratu dute, baita ere, maiatzetik pediatra bakarra dagoela Zumaian lanean. "15:00etatik aurrera anbulatorioan medikurik gabe jarraitzen dugu. Eta Zarautzeko EAG-aren egoera tamalgarriak berdin jarraitzen du du, txanda gehienetan medikurik gabe baitaude. Osasun kudeaketa geroz eta okerragoa da, eta herritar bezala mobilizazioekin jarraitu behar dugu", nabarmendu dute.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide