Arraunlari beteranoen ZIPR ligako azkenaurreko estropada jokatuko dute larunbat arratsaldean Zumaian. Zumaiako XI. Beteranoen Bandera izango da jokoan eta bertan izango dira beteranoen liga lehiatzen ari diren ontziak.
Arratsaldez jokatuko dute estropada, 16:30ean hasita. Erlojuaren aurka arituko dira, eta zaletuek hurbiletik jarraitzeko aukera izango dute, arraunketa saioak Urolaren itsasadarrean jokatuko baitituzte. Hala, ontziek 3.500 metroko lana egin beharko dute, hiru ziabogarekin. Irteera eta helmuga Itsas kiroldegi pareko pantalanean kokatuko dute; ziabogak, aldiz, Aita Mari jatetxe aurrean eta errioan gora, trenzubiaren aurrean, hain zuzen.
Lehenbizi, lehen txandan, traineru gonbidatuak edo ligan ari diren klubetako B ontziak lehiatuko dira, orden honetan: Plentzia B, Getxo B, Iberia B, Bilbao B, Zumaia B, Pontejos B eta Badok 13 Orio B.
Bigarren eta hirugarren txandan ZIPR ligako traineruak izango dira lehian, sailkapenean dituzten postuen arabera: Sestao, Iberia, Plentzia, Bilbao, Pontejos eta Mundaka bigarren txandan; eta Fortuna, Santurtzi, Getxi, Zumaia eta Badok 13 Orio hirugarrengoan edo ohorezkoan.
Plentzian seigarren
Zumaiako Beteranoek seigarren egin zuten pasa den asteburuan Plentzian jokatutako XVI Karmengo Ama Ikurriña. Emaitza honen ondoren, Zumaiak bigarren jarraitzen du ZIPR ligan, 112 punturekin, dagoeneko liga irabazi duen Badok 13 –141 puntu ditu gaur gaurkoz–, ontziaren atzetik, eta 107 punturekin hirugarren den Getxoren aurretik.
Behin Zumaiako hitzorduaren ondoren, ligako azken jardunaldia Getxon jokatuko dute hurrengo asteburuan.