25 saltokik hartuko dute parte asteburuan egingo duten Braderie azokan

Juan Luis Romatet 2024ko uzt. 17a, 13:00

Iaz egindako Braderie azokako une bat. (Juan Luis Romatet)

Ostiralean eta larunbatean aterako dira saltokiak kalera. Zenbait ekitaldi ere antolatu ditu Gertu elkarteak egun horietarako.

Saltokiak kalera aterako dituzte asteburu honetan, Gertu Zumaiako merkatarien eta ostalarien elkarteak antolatutako Braderie azokaren deiari erantzunez. Ostiralean eta larunbatean egingo dute kale azoka hau eta bertan Zumaiako 25 dendak eta tabernak hartuko dute parte. Ostiralean saltokien ohiko ordutegian egingo dute lan; larunbatean, berriz, ordutegi jarraian, 10:00etatik 20:00etara.

Saltoki batzuek beraien establezimendu aurrean jarriko dituzte mahaiak; gehientsuenek, aldiz, Erribera kalean. Hala, Gertuko arduradunek azaldu dutenez, bertako eta beste kale edo auzategietatik etorriko diren saltokiek karpak eta mahaiak ipiniko dituzte kalean zehar beraien produktuak saltzeko.

Bezeroak azoka honetara erakartzeko asmoarekin, bertara hurreratzen diren eta erosketak egiten dituztenen artean 500 euroko balioa duten erosketa txartelak zozkatuko dituzte.

Ekitaldiak bi egunetan

Azokarekin batera, kultur ekitaldiak ere izango dira bi egunetan. Ostiralean, puzgarriak izango dira Beheko plazan 17:00etatik aurrera, eta jarraian, 17:30ean, ipuin kontaketa saioa Erribera kalean. Larunbatean, berriz, umeentzako talo tailerra egingo dute goizeko 11:00etan. Eguerdiko 12:00etatik aurrera trikitilariak arituko dira kaleak girotzen, eta ordu berean Zumaia Tour kale antzerkia egingo dute. Arratsaldez, 18:30ean hasita, zumba ibiltaria izango da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide