Euskal Jai egunean herriko taldeen laguntza beharko dela gogorarazi du udalak

Maria Maya Manterola 2024ko uzt. 18a, 12:00

Euskal Jai eguneko bazkaria, artxiboko irudian.

Bazkaria zerbitzatzen eta sagardo dastaketan edaria banatzen lan egiteko aukera dagoela jakinarazi die udalak herriko taldeei. Igandera bitarte izango dute izena emateko aukera.

Euskal Jai eguna abuztuaren 9an egingo da, ostiralez, eta aurreko urteotan bezala, herriko elkarteei dei egin die Udaleko Kultura Sailak egun horretarako prestatutako ekitaldi batzuetan lagundu dezaten. Ohikoa denez, herri bazkaria eta sagardo dastaketa izango dira egitarauaren barne, eta bietan ere taldeentzako moduko lana aurreikusi dute. Parte hartu nahi duten taldeek hilaren 21a (igandea) baino lehen eman behar dute izena.

Bazkaria zerbitzatzen talde batentzako lana egon daitekeela azaldu du udalak. Taldekideen lana 400 laguni herri bazkaria zerbitzatzeko beharrezkoak diren azpiegiturak eta tresnak ezartzea, bazkaria ateratzea, txartelak kendu eta karpara sarrerak zaintzea, eta baita ondorengo txukuntze eta jasotze lanak egitea izango da. Guztia kultur sailaren ordezkariekin eta herri bazkariko sukaldari taldearekin lotuko dela iragarri dute antolatzaileek.

Arratsaldez, berriz, sagardo dastaketa egingo da. Hamar sagardotegitako sagardoa eskainiko da, eta horretarako aurrez edalontziak salduko dituzte. Hala, taldearen lana izango da egun horretan postuak ezartzea, basoak saltzea eta sagardoa banatzea, eta aurrez eta ondoren beharrezko lanak gauzatzea.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Zumaiako herriaren edota bere biztanleen onurarako, kirol, kultur edo gizarte mailan, etekin ekonomiko propiorik gabe, modu iraunkorrean lan egiteko eratu diren elkarteak. Hauek, udalak herriko taldeen artean diru-laguntzak emateko ordurako onartutako oinarri berak bete beharko dituzte, eta, horrez gain, euskaraz jarduteko gai izan beharko dute, eta, batik bat Sagardoa banatzeko orduan, ez dira adin txikikoak izango.

Izena emateko, Alondegia kultur etxera (943-86 10 56 / kultura@zumaia.eus) jo beharko da. Izena ematen duten taldeak bilera batera deituko dituzte, eta beharrezko azalpenak eman. Taldeen arteko zozketa bilera horretan egingo dela ere iragarri du udalak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide