Ia atsedenik hartu gabe –asteartean jokatu zuen Markina-Xemeingo Grand Slameko finala, baita irabazi ere–, Gernikako zesta punta txapelketari ekingo dio orain Imanol Lopez puntista zumaiarrak. Jai Alai ligari amaiera ematen dion txapelketa da Bizkaiko herri honetan jokatuko dutena, eta horren ondoren erabaki dute pilotarien rankinga nola geratuko den.
Johanekin osatuko du bikotea Lopezek txapelketa honetan. B multzoan arituko da Olharan-Gorka eta Laduche-Ibarluzea bikoteekin batera; A multzoa, aldiz, Erkiaga-Manci, Barandika-Basque eta gaur bertan Arbe-Urrutxua eta Urreisti-Zabala bikoteek jokatuko duen aurrekanporaketako irabazleak osatuko dute.
Behin aurrekanporaketa jokatuta, larunbat honetan bertan jokatuko dituzte txapelketako lehen partidak Gernikako frontoian. Lehenengoan, Johan eta Lopez Olharan eta Gorkaren aurka arituko dira, eta bigarrengoan Erkiaga eta Manci gaurko aurrekanporaketako irabazlearen aurka. Jaialdia 21:00etan hasiko da.
Ligaxkako hurrengo partidak uztailaren 27an eta abuztuaren 3an jokatuko dituzte; finalerdiak abuztuaren 10ean eta finala abuztuaren 17an. Txapelketa sarrerak eta bonoak eskuragarri daude www.eramanjaialai.com weborrian.
Ligako rankingerako puntuak emango ditu Gernikako txapelketak. Irabazleek 2.000 puntu jasoko dituzte, 1.200 bigarren sailkatuek eta 750 hirugarrengoek. Gaur-gaurkoz, Imanol Lopez zazpigarren da rankingean, 6.270 punturekin. Buruan da, jaun eta jabe, Aritz Erkiaga 13.660 punturekin.