Zumaiako bizilagunen osasuna bermatzeko eta herriko anbulatorioan bizi duten egoerari konponbidea eskatuz, elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Zumaiako Osasun Zentroaren aurrean. Dozenaka lagun bildu dira Zuopa herri plataformak egindako deialdiari erantzunez.
Plataformako kideek azaldu dutenez, egoera konpondu beharrean, okerrera egin du azken asteotan. "Zumaian bi mediku bakarrik daude eta pediatra bat. Pasa den astean ez zen sendagilerik izan Zestoan eta Zumaiatik artatu behar izan dituzte. Eta datorren astean Getarian ez dute medikurik izango", esan dute. Horren guztiaren aurrean, egoerari konponbidea ematea eskatu dute.
Horretaz gain, datorren deialdiaren berri ere egin du Zuopak. Abuztuaren 9an egingo dute, Euskal Jai egunean, eguerdi partean. Manifestazio zaratatsua izango da eta Amaiako plazatik abiatuko dela iragarri dute.