Batel tradizionalen Teink itsas zeharkaldia egingo dute 30 eskifaia inguruk gaur hasi eta datorren larunbatera bitartean. Castro Urdiales (Kantabria, Espainia) eta Donibane Lohitzune (Lapurdi) arteko distantzia egingo dute sei etapatan banatuta. Ontziak gaur goizean abiatu dira Kantabriako herritik Armintzara (Bizkaia) bidean. Hurrengo etapetan EAn, Mutrikun, Orion eta Donostian egingo dituzte geldialdiak larunbatean Ipar Euskal Herriko herrira heldu arte.
Lau orduko arraun saioak egiten dituzte batez beste egunean, eta behin portura helduta sabela betetzeko aukera izaten dute, baita lo egiteko tokia aurkitu ere. Bidean zehar estropadak egingo badituzte ere, jarduera horrek gehiago du abentura kutsua lehiaketakoa baino, antolatzaileen arabera.
Aurtengo zeharkaldian Zumaiako Beteranoen ordezkaritza izango da. Arraunean arituko dira Xebas Leiza, Gotzon San Miguel eta Iker Goikoetxea arraunlariak.