Bisita gidatuak eskaintzen ditu, baina ipuin kontalaria dela dio Violeta Bandresek. Atzerritarren eta ikasleen bisiten gidaria da Urola Kosta eskualdean, batez ere Zumaian, eta Begi Bistan enpresarentzat egiten du lan.
"Pribilegiatua" sentitzen da, lanean nahi duen tokian dagoelako. Historia ikasi zuen lehendabizi Bandresek, irakaskuntzan aritzeko asmoarekin, baina gaur egun ez zaio gehiegi gustatzen esparru hori. Gehiago turismoa: "Komunikazioarekin lotura dute biek: batak, irakaskuntzarekin du harreman estuagoa; besteak, dibulgazioarekin". Askotan tokatzen zaio, halere, haurren gidari izatea, eta lana "asko" aldatzen da halakoetan: "Sentsibilizazioa lantzen dugu, batez ere". Gazteekin ere egoten da, eta ikasgelatik ateratzea garrantzitsua dela uste du, "batez ere, liburua kanpoan badago".
Desiratutako esparruan egiten du lan, baina kasualitatez amaitu du Zumaian. Berak ikasketak bukatu berritan hasi zen Begi Bistan enpresa herrian lanean, eta Turismo Bulegoan praktiketan zela ezagutu zuen. Hemezortzi urte igaro dira ordutik, Urola Kosta eskualdeko gida moduan hasi zenetik. Zumaia Geoparkearen parte denez gero, Deban eta Mutrikun ere egiten du lan: "Zumaia oso ondo kokatua dago. Urola Kosta eskualdean dago, eta turistikoki leku esanguratsua da. Hori gutxi balitz, Geoparkearen barruan dago".
Herrira gerturatzen diren turistak eta beren interesak lehen eskutik ezagutu ditu urteotan guztiotan, eta flyscha da, dudarik gabe, erakarpen turistiko handiena. "Azken urteotan asko zabaldu da, eta gainera, paisaia izugarria da. Komunikabideetan agertzen diren erreportajeetan ere atentzioa ematen dute; 'hau ikusi nahi dut', pentsatzen duzu ikusi bezain laster", azaldu du Bandresek.
Ukaezina da edertasunak sortzen duen interesa, baina paisaiaren atzean dagoena deskubritzea da, Bandresen ustez, politena. Hori ezagutaraztea "pozgarria" dela dio: "Zerbait ezagutzen duzunean, maitatzen duzu. Eta maitatzen baduzu, zaintzen duzu. Hori da helburua. Hemen historia luze bat dago atzetik, eta kontatu egin behar da. Eszenatokiaren atzeko historia da garrantzitsuena, hain justu". Ez dute espero altxor hori, Bandresek azaldu duenez: "Gure ogibidearen funtzio nagusia hori deskubriaraztea da, horregatik diot ipuin kontalaria naizela".
Flyschetik harago, Zumaiak sorpresa asko ditu, dena den, Bandresen ustez. Kofradia da horietako bat, nabarmenena: "Hor dagoen enkanterako aparatua bakarra da Euskal Herrian, eta altxor bat da. Zumaiarrak ere izan ditut bisitetan, eta konturatu naiz ez dutela ezagutzen". Atzerritarrei bakarrik ez, zumaiarrei zuzenduriko bisita gidatuak ere antolatzen dituzte, eta "sorpresa aurpegi ugari" ikusi du horietan Bandresek.
Hizkuntza da turistei atentzio gehien ematen dien gauzetako bat, eta horregatik, bada Zumaian bakarrik eskaintzen duten bisita gidatu berezi bat, Euskararen enigma deiturikoa. Hainbat gauzarengatik da polita bisita hori, Bandresek aipatu duenez: parte hartzaileen jarrera positiboa da bat. "Gure hizkuntza arraroa iruditzen zaie, eta jolasten dugu horrekin, hiztegi txiki bat ematen diegu, saiakera bat egiten dute... Kuriositatearekin datoz. Behin hizkuntzaren inguruko oinarrizkoak hitz eginda, gure kulturaz aritzen gara", azaldu du gidariak. Denetariko taldeak izaten ditu bisita horretan: ikasle talde atzerritarrak, kurtso amaierako bidaian dauden madrildar eta kataluniarrak... Baina baita estremadurarrak ere, adibidez.
Azken bi hamarkadetan izugarri aldatu da herria turismoari dagokionean, eta aldaketa horien guztien lekuko izan da Bandres. Batetik, ordutik eskaintzan izan den gorakada aipatu du: "Hasi nintzenean ez zegoen halako eskaintza zabalik, eta ez zen hainbeste jende etortzen. Aldatu egin da". Eta ez hori bakarrik, baita kontzepzioa ere. "Ez genuen uste hainbeste jende etortzera irits zitekeenik. Pentsatu egin behar orain garai horietan...", dio.
Nolako turismoa, hori da harentzat galdera nagusia, eta igaro berri den maiatzean Urola Kosta eskualdeak eskuratu berri duen Biosphere Destination zigilua aipatu du. "Turismoa bai, baina beti ere kudeaketa jasangarriaren alde", esan du. Edonola ere, Zumaiak ez du turismo "asko" jasotzen, "segun eta zer lekurekin alderatuta", beti ere.
Bai jasangarritasunaren ikuspegitik, bai turismoa jasotzeko daukan gaitasuna aintzat hartuta, proportzionala iruditzen zaio Bandresi etortzen den jende kopurua: "Gizartea den bezalakoa da, eta denek ez dute jarrera bera, baina orokorrean, baietz esango nuke, proportzionala dela. Badakite nora datozen, eta badakite hemen nola diren gauzak", irizten dio gidariak.
"Alderantziz" bizi da
Maite du ogibidea, eta "polita" da harentzat dibulgazio lan horretan aritzea, baina kontuan hartzekoa da, Bandresen ustez, "alderantziz" bizi direla.
"Asteburuetan egiten dugu lan gehien, eta oporrak alderantziz dauzkagu". Denboraldiz kanpo, euskal herritarrak eta ikasleak izaten dira gehien datozenak. Eta udan, turistak, "edozein lekutatik". Edonola ere, eguraldia da gehien baldintzatzen dien aldagaia. "Aste Santutik aurrera jende asko ibiltzen da, beti ere, ona egiten badu", dio.
Zalantzarik ez du erretiroa hartu arte bisita gidari jarraituko duela lanean. Bisita gidaria eta turismo kontsumitzailea da Bandres, eta baditu pare bat bidaia begiz jota: "Oporrak dauzkadan garaian ezin da joan, baina joango nintzateke Labrador penintsulara (Kanada) eta Txile hegoaldera". Euskal baleazaleen arrastoak ikusi nahi lituzke lehenengoan; Elkanok mundubiran egin zituen kontaktuak, bigarrenean. Bi bidaiak erretiroa hartzean egin nahi lituzke, ekainean.