Datorren igandean, hilaren 28an, Urola ibaiaren 48. igoera-jaitsiera jokatuko dute Zumaian. Itxas-Gain Zumaiako kirol elkarteak antolatutako proba honetan piraguismoko Euskal Herriko klubek parte hartuko dute, baita inguruko erkidegotakoek ere.
Eguerdiko 12:00etan abiatuko dira Santiago hondartzatik. Ontziak itsasertzean utzi, eta hondarretatik aterako dira parte hartzaileak. Behin ontzietara igota, Santiagoko eskoilerari buelta eman eta ibaian gora egingo dute. Ohikoan, Beduaraino joango ziren. han buelta eman eta herrira bueltatzeko. Baina, trenzubian egiten ari diren konpontze lanek ez dute haren azpitik pasatzen uzten. Hala, zubiaren justu aurrean emango dute buelta eta hirigunera bueltatuko dira. Bigarren ziaboga bat izango dute bokalean, Talaipe parean, eta berriro ere errioan gora eginda Itsas Kiroldegi parean kokatutako helmugaranz joango dira. Guztira, 12 kilometro egingo dituzte proban arituko diren piraguistek.
Parte hartzaileak ibaian gora eta behera ibiliko direnez, probak irauten duen denboran portua itxita egongo da. Hala, jarduera amaitu bitartean kirol portuko joan-etorriak debekatuta egongo dira.
Larunbatean Irunen
Ez dute Zumaiakoa izango asteburuko proba bakarra. Larunbatean, Bidasoa ibaiaren 57. nazioarteko jaitsiera izango da jokoan, eta bertan izango dira Zumaiako piraguismo klubeko kideak. Goizeko 11:00etatik aurrera jokatuko dute hitzordu hau.