Zumaiako Musika Jaialdia: 40 urte eta sasoi betean

Juan Luis Romatet 2024ko uzt. 24a, 13:12

Zumaiako musikariak eta uda ordezkariak, 40. Musika Jaialdiaren aurkezpenean. (Juan Luis Romatet)

Zumaiako Musika Jaialdiaren 40. aldia izango da aurtengoa. Uztailaren 30ean hasiko da eta abuztuaren 11ra bitartean izango dira ekitaldiak herriko gune desberdinetan. Gaur aurkeztu dute egitaraua. 

Piano errezitaldi batekin hasi zen duela 40 urte Zumaiako Musika Jaialdia. 1984. urte hartatik hona musika ardatz zuten dozenaka ekitaldi egin dira herrian. Datorren asteartean hasiko den, eta gaur aurkeztu duten 40. aldiak gogoan hartu nahi izan ditu jaialdiaren lehen urte haiek, baina azken urteotako bidea ahaztu gabe. Izan ere, programazio anitzaz gozatzeko aukera izango dute musikazaleek abuztuaren 11ra bitartean. 

Alondegiko Oxford aretoan izan dira jaialdian parte hartuko duten herriko talde edota eragileen ordezkariak, baita udal agintariak ere. Marina Bidasoro kultur zinegotziak eskerrak eman nahi izan dizkie urte hauetan guztietan jaialdiaren antolakuntzan aritu diren jende, eragile eta ordezkariei. "Indar eta baliabide asko behar izan dira jaialdia aurrera eramateko. Oso harro gaude urtero halako emanaldiak antolatzeko izan den ahalmenagatik, eta hori eragilerik gabe ezinezkoa izango litzateke", azpimarratu du.

Zumaiako musikariek izan dute jaialdian emango dituzten kontzertuak aurkezteko aukera. Aurtengo edizioa Zumaiako Musika Bandak datorren asteartean, hilaren 30ean, Odietan (20:00etan) eskainiko duen emanaldiarekin hasiko da. "Jaialdiko azken kontzertu denak kalean eman ditugu, modu dibertigarrian, baina kalitatea galdu gabe", nabarmendu du Bandako zuzendari Joxe Mari Azkuek. Iazko esperientzia aberasgarriaren ondoren, 40. urteurreneko aldirako herriko musika taldea big bandean bihurtzea proposatu zutela gogoratu du. "Swing musika izango da errepertorioko oinarria, baina Herbie Hancocken jazz kutsuko bi abesti ere joko ditugu. Uste dugu jaialdiari hasiera emateko modu egokia dela", gaineratu du zuzendariak.

Asteazkenean, uztailaren 31n, bi emanaldi izango dira. Lehena 19:30ean izango da, eta iazko Klarinete Laukote Lehiaketa irabazi zuen Jesus Guridi klarinete laukotea izango da protagonista. Emanaldia Mari kaleko plazatxoan izango da. Gauean, berriz, 21:30ean hasita, Maria Zubimendi akordeloi-jotzaile zumaiarrak eta Jokin Guridi bideo artistak emanaldi berezia eskainiko dute Alondegiko Oxford aretoan. Bertan, musika garaikidea eta barrokoa, musika eta bideo artea, uztartuko dituztela informatu du Zubimendik. "Aukera egokia dela ikusi dugu musika bideoaren laguntzarekin jotzeko". Hiru hilabetez aritu dira Zubimendi eta Guridi emanaldi hau prestatzen, eta soinua irudietara eramaten. Nabarmendu duenez, lehen aldiz arituko da jendaurrean formatu honekin.

Ohikoa duen bezala, San Pedro Abesbatzak kontzertua eskainiko du Zumaiako Musika Jaialdiaren egitarauaren barruan. Abuztuaren 1ean izango da, 20:00etan, Parrokian. Abesbatza honen historia Musika Jaialdiarekin batera hasi zen. "Esan zigutenean jaialdiak 40 urte beteko zituela, gurea ere hortxe-hortxe zihoala pentsatu genuen, eta hala da", gogoratu du Amaia Aldalur San Pedro Abesbatzako zuzendariak. Onartu du, baita ere, abuztuko kontzertu hau urteko garrantzitsuena dela koroarentzako. Jaialdian urte hauetan guztietan kantatutako abesti esanguratsuez osatu dute aurtengo emanaldirako errepertorioa.

Abuztuaren 2an, berriz, Sapere Aude Sinfoniettaren kontzertua izango da, 20:00etan, Zumaiena aretoan. Giacomo Pucciniren eta Gustav Holsten obrak joko ditu Jon Malaxetxebarriak zuzenduko duen hamabost laguneko orkestrak. Emanaldi honetan ere urteurrenekin jokatu nahi izan dutela adierazi du taldekide Marixi Sesmak. "100 urte betetzen dira Puccini hil zela, 90 urte Holst hil zela, eta jaialdiak 40 urte beteko ditu". Kontzertu solidarioa izango da, eta behin gastuak estali ondoren aterako duten dirua minbiziaren aurkako elkartea laguntzeko erabiliko dute. Sarrerak dagoeneko salgai daude Turismo Bulegoan edo entradium.com webgunean.

Larunbatean zein igandean Zumaiako San Pedro Parrokiko organoa ezagutzeko bi aukera izango dira. Batetik, hilaren 3an, eguerdiko 12:00etan, hitzaldi musikatua eskainiko dute Iker Gonzalez eta Mari Karmen Azpeitia zumaiarrek. Hurrengo egunean, igandean, hilaren 4an, 20:00etan hasita, Lucia Gomez mezzosopranoaren eta Gerardo Rifon organistaren emanaldia izango da parrokian bertan.

Ipuinak eta dantza

Abuztuaren 7an, familia guztiari zuzendutako eta musika barrokoa hizpide izango duen ipuin kontaketa musikatua izango da, 19:00etan, Ubillos jauregiko kaperan.

Abuztuaren 8an bi dantza saio izango dira, 20:00etan hasita, Odieta frontoian. Hasteko, Amaia Elizaran dantzariak eta Hothouse Flowers rock talde irlandarreko kide ere baden Liam Ó Maonlaí musikariak Ihir ikuskizuna aurkeztuko dute. Haren amaieran, Ertzak Otempodiz koreografia jarraitzeko aukera izango dute frontoira bertaratuko direnek.

Hilaren 10ean, larunbata, 19:00etan, Giacomo Pucciniren Tosca operaren proiekzioa izango da Aita Mari aretoan, eta jaialdia amaitzeko, abuztuaren 11n, 20:00etan hasita, Donostiako Musika Hamabostaldiko kontzertua izango da parrokian. Pianoa lau eskutara joko dute Mentxu Pierrugesek eta Susana Garcia de Salazarrek. "Jaialdia piano doinuekin hasi zen duela 40 urte eta aurtengo edizioa pianoarekin bukatzea nahi izan dugu", azpimarratu dute aurkezpen ekitaldian.

Erlazionatuak

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide