Ainhoa Caporossi zumaiarrak diseinatutako logotipoa estreinatuko du aurten Zumaiako Musika Jaialdiak bere 40. urteurrenarekin batera. Egitarauaren aurkezpenean diseinatzaileak argitu duenez, musika eta Zumaia uztartzea izan du helburu, musikari garrantzia emanaz. Hala, Zumaia nazioartean ezagun egin duen flyscha hartu du elementu gisa, musika partitura bihurtuz. Aurtengo jaialdiko kartela ere ideia bereekin egin dituela ere azaldu du.
Musika herriko beste kultur edo gizarte esparruetara ere eraman nahi izan ditu udalak. Hala, Distira Argazki Elkarteak udalarekin batera antolatzen duen zuri beltzezko argazki lehiaketako gaia musika izan da aurten. Lehiaketara aurkeztutako lanez osatutako erakusketa gaur bertan zabalduko dute Alondegiko Oxford aretoan, eta abuztuaren 11ra arte bisitatu ahal izango da.
Gertu Zumaiako merkatarien eta ostalariarekin elkarlanean, herriko dendetako erakusleihoak ere musikaz jantziko dituzte jaialdiak irauten dituen egunetan. Herriko musikariek eta eragileek utzitako instrumentuak erakutsiko dituzte saltokietako eskaparateetan.
Urte hauetan guztietan egin diren edizioetako kartelak ere ikus daitezke egunotan Oxford erakusketa aretoko leihoan.